Gizartea -
Araba
Omecillo ibaian isuri bat izan ote den ikertzen ari dira Espejo eta Bergonda artean
Inguruan azterketak egin arren, oraindik ezin izan da zehaztu uhertasun hori zerk eragin duen. Dena dela, hainbat lagin hartu dituzte eta hurrengo egunetan ikerketarekin jarraituko dute.
eitb.eus
Uraren Euskal Agentziak (URA) Omecillo ibaian isuri bat izan ote den ikertzen ari da Arabako Espejo eta Bergonda herrien artean, sare sozialen bidez herritarren abisua jaso ondoren.
URAko ikuskatzaileak Omecillo ibaiaren inguruetara hurbildu ziren atzo, baina eremu horretan azterketak egin arren, oraindik ezin izan da zehaztu uhertasun hori zerk eragin duen.
Dena dela, Uraren Euskal Agentziatik azaldu dutenez, inguruan hainbat lagin hartu zituzten eta hurrengo egunetan ikertzen jarraituko dute. Datu guztiak jaso eta gertatutakoa zehaztutakoan, beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartuko dira, hala badagokio.
Aurreko egunetan ere, abuztuaren 4an eta 5ean, 112 telefonoaren bitartez, bi abisu jaso zituzten inguru horretatik, baina ikerketak ezin izan zuen uraren uhertasun edo gardentasun falta zerk eragin duen argitu.
Testuinguru horretan, uretan ezohiko isurketa antzematen denean 112ra deitzearen garrantzia nabarmendu du URAk, dagozkion neurriak lehenbailehen hartu eta kasuan kasuko protokoloa aktibatzeko. Izan ere, tokian izan daitezkeen aztarnak hobeto biltzen lagundu lezake horrek, geroago isurketaren iturria antzeman eta dagozkion neurriak hartzeko.