Gizartea -
Genero indarkeria
Gizon batek bere bikotekidea hil du Madrilen
Gero, lagun bati laguntza eskatu dio gorpua bistatik kentzeko. Emakumea Genero Indarkeria Kasuetarako Jarraipen Sistema Integralean agertzen zen, 2018ko azaroan jasan zuen eraso bat dela eta.
Agentziak
Emakume baten gorpua aurkitu dute Madrilgo Bellas Artes auzoko Tenerife kaleko etxebizitza batean. Gorpuak indarkeria zantzu argiak ditu.
Bere bikotekidearen bila ari dira segurtasun indarrak. Gizonak kolpatu eta labankadaz hil du, eta gero lagun bati laguntza eskatu dio gorpua bistatik kentzeko.
Ustezko egilearen lagunak Poliziari hilketaz ohartarazi dio, eta agenteei biktima bizi zen etxebizitzaren helbidea eman die. Biktimak adingabeko seme bat zuen, baina ez zegoen etxean.
Gainera, ikerketaren iturriek esan dutenez, lagunak zenbait argazki eman dizkio Poliziari. Gizonak bidali zizkion argazkiak ziren, itxuraz hilik dagoen emakume baten irudiarekin.
Hain zuzen, emakumea Genero Indarkeria Kasuetarako Jarraipen Sistema Integralean agertzen zen, 2018ko azaroan jasan zuen eraso bat dela-eta, Poliziak Europa Press agentziari adierazi dionez.
Poliziak Europa Press albiste-agentziari jakinarazi dionez, auzokide batek 091era deitu du etxe barruan gorpu bat aurkitu duela ohartarazteko.
Poliziaren patruilak eta osasun langileak bertaratu dira, baina hilda zegoela egiaztatu besterik ezin izan dute egin.
____________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.