Gizartea -

NAFARROA

Talde antolatu bat desegin dute Erriberan, droga-trafikoa eta lapurretak egotzita

Polizia-operazioan, Nafarroako Guardia Zibilak pertsona bat atzeman eta beste bat inputatu du ikertu gisa.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Guardia Zibilak talde antolatu bat desegin du Erriberan, hainbat delitu egotzita. Guztira, indarra erabiliz egindako 19 lapurreta, dokumentuak faltsutzea, bi errezibitze delitu, droga-trafikoa, bi kalte delitu eta maula delitua leporatu dizkiote taldeari.

Matrikula aldatuta zeukan ibilgailu bat Fustiñanan (Nafarroa) topatu ostean, delituren batekin lotura izan zezakeela susmatuta abiatu zuten ikerketa. 'Capitri' izeneko operazioan, Tuterako Guardia Zibileko Polizia Judizialak burutu ditu miaketak.

Operazio horren bidez, bi pertsona atxilotu eta beste bat inputatu dute, ikertu gisa. Gainera, Cabanillasen eta Fustiñanan egindako miaketetan, anfetaminak, drogak nahasteko substantziak (kafeina) eta delituak egiteko materiala aurkitu dituzte; makinak, sorgailuak, soldatze makina profesional bat, Audi A6 baten motor osoa, auto bateko abiadura-kaxa eta ordenagailu eramangarri bat, tartean.

20.000 dei baino gehiago ikertu ondoren, nabe abandonatu bat topatu zuten Ribaforadako (Nafarroa) lursail batean. Horren barruan, taldeak desegindako hiru ibilgailu aurkitu zituzten. Piezak beste auto batzuetan erabiltzeko lapurtu zituzten ibilgailu horiek.

Guardia Zibilak ohar baten bidez adierazi duenez, autoen ezaugarri teknikoak aldatu eta matrikulen plakak bikoiztu egiten zituzten, "poliziaren lana zailtzeko" eta beste zenbait delitu egiteko. Horrez gain, piezen salmentaren eta droga-trafikoaren bidez finantzatzen zirela uste dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Delituak Drogak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Lapurretak