Gizartea -

Mugimendua

Solen bildutakoek protestan jarraitzen dute, oztopoak oztopo

Milaka lagunek elkarretaratzea egiten jarraitzen dute nahiz eta Polizia desegiten saiatu den eta debekatuta egon.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagunek bilduta jarraitzen dute Puerta del Solen, Madrilen. Elkarrataratzea 20:00etan hasi zen atzo, asteazkenean. Aurretik, Madrilgo Probintziako Hauteskunde Batzordeak Puerta del Soleko kanpaldiaren inguruko ekitaldien barnean deituta zegoen elkarretaratze hori debekatu zuen. Joan den maiatzaren 15etik, hainbat lagun kanpaldia egiten ari dira Madrilen eta beste hiri batzuetan, aldaketa politiko eta sozialak eskatzeko.

Horrez gain, Solen bildutakoek manifestazioa deitu dute larunbaterako Madrilen, gogoeta egunarekin batera. 21:00ak aldera, emakume batek mikrofonoa hartu zuen eta ekimena iragarri; "Ez gara alderdi politiko bat, eta ez dugu inolako gogoetarik egin behar; izan ere, gogoeta eurek egin behar dute", esan zuen jendearen txaloen artean.

20:00ak inguruan, manifestariak txaloka hasi ziren. "Ez goaz hemendik" hainbatetan oihukatu zuten. Ordu bat arinago, 19:00etan, Sol jendez gainezka zegoen. "Ez da ezer gertatzen, plaza gurea da", "Ez, ez, ez, ez gaituzte ordezkatzen" edota "Demokrazia esaten diote, baina ez da" leloak erabili zituzten.

Ordutik, jende kopuruak gora egin zuen etengabe, nahiz eta Poliziak plazara ez sartzeko segurtasun neurriak hartu zituen.

Hauteskunde Batzordearen debekua

Erabakia atzo arratsaldeko lehen orduan hartu zuen Hauteskunde Batzordeak, zenbait lagunek egindako eskariaren ostean; erabaki horren arabera, "ez dago aparteko arrazoirik 24 orduan premiazko deialdirik egiteko", Hauteskunde Batzordetik Efe albiste agentziari jakinarazi ziotenez.

Madrilgo Hauteskunde Batzordearen hitzetan, "deialdia egin dutenek botoa erantzukizunez emateko eskatzeak eragina izan lezake hauteskunde-kanpainan eta herritarren boto eskubidean".

Hauteskunde Batzordeak erabakia jakinarazi dio Gobernuak Madrilen duen Ordezkaritzari. Azken hitza Hauteskunde Batzordeak zuela jakinarazi zien Gobernuaren ordezkariak protestaren zenbait deitzaileri.

Elkarretaratzeak milaka lagun bildu zituen astelehenean Puerta del Solen; krisi ekonomikoaren aurrean egindako erantzun politikoak zalantzan jarri dituzte herritar horiek guztiek.

Partehartzaileen adierazpenak

Puerta del Solen elkarretaratzea egiten ari den bozeramailetako baten hitzetan, "modu baketsuan" eutsiko diote protestari eta kaleratzen badituzte bueltatuko dira.

Horiek izan ziren Juan izena duen bozeramailearen adierazpenak Madrilgo Hauteskunde-batzordearen erabakia ezagutu ostean.

Carlota Jover, kanpaldiko beste bozeramaile baten esanetan, ez dute "modu ofizialean" Hauteskunde-batzordearen erabakia jaso, "iturri ez ofizialen bidez" baino.

Joverrentzat, Hauteskunde-batzordearen erabakiak "ez du indar loteslerik, eta beraz, ez dute ezer debekatu".

Bilbon eta Donostian

Ehunka lagunek elkarretaratzea egin dute Bilboko Arriaga plazan, protesta "espontaneo" batean, partehartzaileek azaldu dutenez.

300 bat lagunek batzar batean parte hartu dute Donostiako Boulevardean eta Grezia, Portugal eta herrialde arabiarrei elkartasuna adierazteko jardunaldi bat antolatzeko aukeraz eztabaidatu dute.

Protestak zabaldu dira

Bartzelonako Katalunia plazan 2.000 bat lagun bildu dira. Besteak beste, Sevilla, Granada, Cadiz, Jerez, Jaen, Malaga, Tarragona, Lleida, Albacete, Guadalajara, Toledo, Ciudad real, Coruña, Santiago, Alacant, Valentzia eta Zaragozan ehunka lagun bildu dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea