Gizartea -
VALLESECO
Kanaria Handiko sutea indarra galtzen ari da
Sua ez da Inaguako erreserba-naturalera heldu. 2007ko suteak balore handiko naturagune hori erre zuen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kontrolik gabeko hiru egun ostean, Vallesecoko (Kanaria Handia) sutea intentsitatea galtzen hasi da bart, Angel Victor Torres Kanarietako Gobernuko presidenteak Twitterren iragarri duenez.
Sua ez da Inaguako erreserba-naturalera heldu. Balore handiko naturagune hori 2007ko sute handiak erre zuen. Horretan, desagertzeko zorian dauden Kanaria Handiko txonta urdinak bizi dira.
Vallesecoko sutea Inaguako pinudietara ez denez heldu, sugarrak ez dira uharteko hegoaldera hedatuko. Hala ere, Morgan udalerriko goialdeko baserriek ebakuazio aurre abisua jaso zuten.
Guztira, 1.000 hektarea baino gehiago erre ditu suak eta, horren eraginez, 9.000 pertsona etxetik atera dituzte. Badaezpada, La Aldea de San Nicolaseko (Kanaria Handiko mendebaldea) Tasarte eta Tasartico auzoak ebakuatu zituzten bart.
Kanarietako 112ko bozeramaile baten esanetan, 56 herri edo auzotako biztanleak etxetik atera dituzte, Tasarte eta Tasartico auzoak barne, Vallesecoko amildegi batean larunbat arratsaldean sua jaso zutenetik.
Horrez gain, 706 pertsonak larrialdietako aterpetan egin dute lo. Udaletxeek, Gran Kanariako Gobernuak eta Kanarietako Gobernuak eskaini dituzte aterpe horiek, Gurutze Gorriaren eta Lurreko Armadaren laguntzaz.
Sua itzaltzeko lanak
470 pertsona sutea amatatzen saiatu ziren atzo gauean. Gaur, baliabide gehiago izango dituzte. Izan ere, lau hidrohegazkinek, baso-hegazkin batek eta hamaika helikopterok osatutako aireko baliabideez gain, bost aireontzi gehiago izango dira.
Espainiako Gobernuak bidalitako Bi Kamov helikoptero eta koordinazio hegazkin bat eta Gaztela-Mantxako Juntako bi karga-hegazkin erabiliko dituzte gaur. Guztira, 21 aireontzi izango dira.