Gizartea -
BILBOKO ASTE NAGUSIA
Kaskagorri konpartsak ‘Kanpaia’ Aste Nagusiko txosnarik ikusgarrienaren saria jaso du
Bilboko Konpartsen Federakundeak 2017an hasi zen ‘Kanpaia’ eta ‘Eulia’ sariak ematen, txosnen eta jai-eremuaren dekorazioa sustatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kaskagorri konpartsari Kanpaia Aste Nagusiko txosnarik ikusgarrienaren saria emango diote aurten, Bilboko Konpartsen Federakundeak sortutako sarien 13. edizioan. Txosnak botoen % 70,14 jaso zituen. Eulia, aldiz, Uribarri konpartsari emango diote.
Bilboko Konpartsek komunikatu batean azaldu dutenez, sinbolo horiek asteazkenetik aurrera izango dira ikusgai, bi txosnetan.
Iaz irabazi zuten konpartsek aurtengo irabazleei emango dizkiete sariak, 19:00an hasiko den kalejiran. 2018ko Kanpainaren irabazlea izan zen Uribarri konpartsaren txosnatik aterako da.
30. urteurrenean, Kaskagorrik Asterixen irudi bat aukeratu du, aurreko urteetan bezala. Aurten, aldiz, oso haserre agertzen da Asterix, Altsasuko gazteen auzia, emakumeenganako indarkeria eta Bilboko Udalaren zergak direla eta. "Eta zuk? Ez duzu ezer egingo? ", esaten du pertsonaiak.
Eulia eta Kanpaia
2007an, Bilboko Konpartsen Federakundeak sari horiek sortu zituen. Helburua txosnen eta jai-eremuaren dekorazioa bultzatzea da.
Hainbat urtetan, Aste Nagusiko eguneko biltzarretan hautatzen zituzten irabazleak. 2014an, berriz, bozketa horretan herritarrei parte hartzeko aukera ematea erabaki zuten.
Hontzak eta Eguzkizaleak konpartsek Kanpai gehien irabazi dituzten taldeak dira, lau eta bost sari eskuratu dituzte, hurrenez hurren.