Gizartea -

ZIENTZIA

AZTIk metodo genetiko bat garatu du atungorriaren jatorria identifikatzeko

Ikerketaren helburua espezie horren iraunkortasuna bultzatzea da.

Atungorri bat. Argazkia: AZTI.
Atungorri bat.
Atungorri bat. Argazkia: AZTI.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AZTI zentro teknologikoak tresna bat garatu du Atlantikoa zeharkatzen duten atungorriak nondik datozen zehazteko. Nazioarteko ikerketa batean izandako lorpenei esker, espezie horren iraunkortasunean lagundu ahalko dute.

“Atlantikoko atungorria arrantza baliabide oso garrantzitsua da, duela urte gutxira arte gehiegi ustiatu dena. Oraindik ere mehatxatuta dago, gehiegizko arrantzagatik eta legez kanpoko trafikoagatik”, adierazi du Naiara Rodriguez Ezpeleta ikerketaren arduradunak.

Garatu sistemaren bidez, atungorriaren populazioak hobeto ebaluatu daitezke, harrapaketa egiten den lekua gorabehera, atun aleen jatorria zehaztu daitekeelako. Atlantikoan bi atungorri populazio bizi dira: ekialdeko atungorriak, Mediterraneoan jaiotzen direnak eta ugaltzeko bertara itzultzen direnak; eta mendebaldekoak, Mexikoko golkoan jaiotzen direnak eta erruteko jaiolekura itzultzen direnak. Bigarren populazio hori urriagoa da; hortaz, babes handiagoa behar du.

Zentro teknologikoaren arabera, jatorria ezagutzeko tresna genetiko hori funtsezkoa da stocken kudeaketa hobetzeko, kudeaketa neurrien emaitzak optimizatzeko, eta arrantza kuotak zorrotzago definitzeko, ekialdeko atunei eta mendebaldekoei ez dietelako berdin eragiten.

Ikertzailearen esanetan, Afrikako, Asiako, Amerikako eta Europako bazkidek osatutako nazioarteko partzuergo bat koordinatu dute, beharrezkoak ziren laginak biltzeko.

Frontiers in Ecology and the Environment aldizkarian argitaratutako Determining natal origin for improved management of Atlantic bluefin tuna izeneko ikerketan, gainera, Atlantikotik igaro ondoren atungorria jaiolekura itzultzen dela frogatu dute genetikoki.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? EAE albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia albisteak Zientzia hedapena gaur