Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon batek bikotekide ohia bortxatu eta sei egunez bahitu du Bilbon
Denbora tarte horretan, irainak, mehatxuak eta eraso fisikoak ere jasan ditu biktimak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak 37 urteko gizon bat atxilotu zuen ostegun arratsaldean Bilbon, bikotekide ohia sei egunez atxiki izana leporatuta.
Emakumeak aurkeztutako salaketaren arabera, abuztuaren 24tik izan du atxikita emakumea, borondatez kontra. Denbora tarte horretan, gainera, irainak, mehatxuak eta eraso fisikoak jasan ditu biktimak, eta behin baino gehiagotan bortxatu du.
Atzo, azkenik, ondoezik sentitzen zenez, larrialdietara eramateko eskatu zion biktimak erasotzaileari. Ospitalean zeudela jakin zuenean, Ertzaintza bertara hurbildu zen, gertatutakoa ikertzen hasteko asmoz.
Hasiera batean, gizonak ez zuen bere burua identifikatu nahi izan, eta agenteetako bati eraso egin zion. Gainera, alde egiten saiatu zen, baina atxilotu egin zuten. Bien bitartean, emakumea ospitalean bertan artatu zuten, hainbat lesio zituelako.
Gizonak urruntze agindua zeukan. Bestalde, Ertzaintzak geroago jakin zuen Bilboko eta Ibizako epaitegiek haren aurkako bi atxilotze agindu eman zituztela.
Atxilotua gaur bertan eraman dute epailearen aurrera.
______________________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.