Gizartea -
Jihadismoa
Auzitegi Nazionaleko epaile bat mehatxatu du Estatu Islamikoaren inguruko talde batek
Jose de la Mata epaileak baldintzarik gabeko presoaldia ebatzi zuen ustezko jihadista batentzat. 'Bonba lapa batekin hilko zara' izeneko bideo batean mehatxatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Jose de la Mata Auzitegi Nazionaleko epailea hilko duela mehatxatzen duen bideo bat zabaldu du Estatu Islamikoarekin lotutako Al Muntasir Fundazioak.
"Jose de la Mata akabatzeko borondate eta konpromiso argia adierazi nahi dugu. Zehaztutako helburua lortzeko lanean jarraituko dugu", esan dute minutu bat eta 57 segundoko bideoan, Terrorism Research & Analysis Consortium talde terroristetan espezializatutako web gunearen arabera.
'Bonba lapa batekin hilko zara' izenburua duen bideoan epailearen aurpegia erakutsi dute, mira batean sartuta, eta ibilgailuen eztandekin nahastuta.
Uztailean baldintzarik gabeko presoaldia adostu zuen epaileak ustezko jihadista batentzat, autodoktrinamenduagatik. Hainbat talde terroristaren propaganda ikusten zuen, eta 2017ko abuztuan Bartzelonan eta Cambrilsen egindako atentatuak ospatu zituen.
Espainian atentatuak egiteko mehatxuak egin ditu Al Muntasir Fundazioak. Apirilean, lotan dauden zelula terroristei eta talde terroristarekin lotutako pertsonei Aste Santuan erasotzeko deia egin zien.
Abenduan 'Prest egon, Alaren soldadua' izeneko bideo bat argitaratu zuen, jarraitzaileei Gabonak aprobetxatuta erasoak egin ditzaten eskatuz.