Gizartea -
Osasuna
Fibromialgiaren diagnostikorako baliagarri diren biomarkagailuak identifikatu dituzte
CIC bioGUNEk Donostia Ospitalearen laguntzarekin egindako ikerketa horrek are argiago uzten du fibromialgia benetako gaixotasun bat dela.
agentziak | erredakzioa
Fibromialgia diagnostikatzeko baliagarri diren hainbat biomarkagailu identifikatu dituzte CIC bioGUNE euskal zentroan lanean diharduten zientzialariek eta Donostiako Ospitaleak.
eBiomedicine aldizkariak argitaratutako ikerketa horrek are argiago uzten du fibromialgia benetako gaixotasun bat dela. Hain zuzen ere, molekula maila ezberdinak egoteak erakusten du fibromialgia gaitz bat dela. Gainera, terapia askoren abiapuntu ere izan daitezke, CIC bioGUNEk asteazken honetan ohar baten bitartez jakinarazi duenez.
Jatorri ezezaguna duen gaixotasun bat da fibromialgia. Lokomozio aparatuan min kronikoa eragiten du, eta oraingoz ezin izan dute diagnostiko objektiborik egin, baina depresioarekin, antsietatearekin, zefalearekin edo artikulazioen zurruntasunarekin lotu izan dute.
Espainiar Estatuan 20 urtez gorako biztanleen % 2,4k pairatzen du.
Alabaina, badira fibromialgia benetako gaitz bat ez dela dioten adituak ere, eta "ahoberoak" diren pazienteek "asmatutako" gaixotasuntzat hartzen dute askok. Horrek lan munduan, adibidez, liskar judizialak sortu izan ditu.
Horren aurrean, baina, CIC bioGUNEren ikerketak ondorioztatu du molekula maila ezberdinak egoteak baduela eritasun horrekin zerikusirik.