Gizartea -
Bizkaia
Gizon bat atxilotu dute Barakaldon, bidegorri batean janari pozoitua jartzeagatik
Dolores Ibarruri pasealekuan "delitua gauzatzen zuen unean" harrapatu dute gizona, eta animalien aurkako tratu txarren delituaren ustezko egile gisa inputatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
63 urteko gizon bat atxilotu dute Barakaldon (Bizkaia), bidegorri batean janari pozoitua uztea leporatuta. Izan ere, pilulaz eta orratzez betetako saltxitxa zatiak lurrera botatzen zituenean harrapatu zuten.
Barakaldoko Udaltzaingoak ostegun goizaldean atxilotu du gizona, Udalak martxan jarritako dispositibo berezi bati esker. Abuztuko azken egunetan agertu ziren lehen saltxitxa pozoituak kale publikoan, Barakaldoko bidegorri batean.
Amaia del Campo Barakaldoko alkateak eta David Solla Herritarren Segurtasunerako zinegotziak goizean eskaini duten prentsaurrekoan azaldu dutenez, Dolores Ibarruri pasealekuan "delitua gauzatzen zuen unean" harrapatu dute. Izan ere, janari pozoitua lurrera botatzen ikusi dute udaltzainek, eta epailearen esku utzi dute jada, "gertaera krudel honengatik epai dezaten", esan du alkateak.
Bidegorriko gunea kalez jantzita zaintzen ari ziren agenteek harrapatu dute. Gizonak susmoak piztu dizkie, hainbat motxila eta gerriko poltsa zeramatzalako, eta "urduri" zegoen, bizikleta baten ondoan.
Segurtasun zinegotziak azaldu duenez, "une jakin batean, gizona ibiltzen hasi da, eta aldean zeraman gerriko poltsa batetik janari hondarrak lurrera bota ditu". Orduan, udaltzainak berarengana hurbildu dira, baina susmagarria ihes egiten hasi da, eta aldean zituen "botikak lurrera bota ditu".
Pozoitutako janariz betetako hiru poltsa atzeman dizkiote atxilotuari. Aurreko egunetan aurkitutakoen antzeko saltxitxak, bi arroz pakete, haragia eta etxeko animalientzako pentsua zeramatzan.
Animalien aurkako tratu txarren delituaren ustezko egile gisa inputatu dute gizona. Udaletik azaldu dutenez, frogak epailearen esku utziko dituzte, atzemandako jakiak pozoituta ote dauden aztertu ahal izateko, eta "etxeko animaliak irentsiz gero horrek izango lituzkeen ondorioak zehazteko".