Gizartea -

Eguraldia

Metro koadroko 25 litro euri zenbatu dituzte Bizkaiko hainbat tokitan

Euriari dagokion abisu horia 15:00ak arte egongo da indarrean. Segurtasun Sailak, halaber, abisu horia ezarri du 18:00ak arte nabigaziorako arriskuagatik.

Euria Donostian. Artxiboko argazkia: EFE
Euria Donostian
Euria Donostian. Artxiboko argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikasturte hasierarekin batera, udazken giroa nagusitu da. Azken orduotan erruz egin du euria eta metro koadroko 25 litro zenbatu dituzte Bizkaiko hainbat tokitan. Horrez gain, nabarmen hoztu du. Tenperatura minimoak 15 ºC-ren azpitik kokatu dira eta beroenek ez dute 17º C-ko langa gaindituko.

Bizkaian pilatu dira litro gehien: 35,8 Muxikan, 24,6 Iurretan eta 24,3 Zornotzan.

Muxikan metro koadroko 10,6 litro jaso dituzte ordubetean eta Oiartzunen, ostera, 10,5 litro, Euskalmeten arabera.

Trumoi-ekaitzak Bizkaiko kostaldean izan dira nagusiki. Esaterako, hamar minutu eskasean metro koadroko 8,5 litro zenbatu dituzte Matxitxakon eta 6,6, berriz, Bermeon.

Euriaz gain, haizea zakar ibili da eta bolada gogorrak neurtu dituzte Matxitxakon (92 kilometro orduko) edota Oiz mendian (82 kilometro orduko).

Abisu horia ezarri dute 15:00ak arte, prezipitazio handiengatik

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du 15:00ak arte, prezipitazio handiengatik.

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak jakinarazi duenez, isurialde atlantikoko zenbait tokitan metro koadroko 15 litro ur baino gehiago pila daitezke ordubetean.

Giro nahasia eta ezegonkorra iragarri du Euskalmetek gaurko. Hodei trinkoak agertuko dira eta euria egingo du. Zaparradak nonahi bota ditzake, eta ekaitzak ere jo dezake, batez ere Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait tokitan.

Bestalde, Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du nabigaziorako arriskuagatik, 06:00etatik 18:00etara. Izan ere, olatuak 2,5 metro ingurukoak izango dira.

Tenperaturek ere behera egingo dute nabarmen, eta tenperatura maximoak 15 eta 17 graduren bueltan ibiliko dira. Minimoak, berriz, 9 gradukoak izan dira Gasteizen, 13 gradukoak Bilbon eta 12 gradukoak Donostian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Donostia bideoak Iruñea Azken ordukoa Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Gaurko albisteak Nafarroan Araba Turismoa Euskadi Alerta meteorologikoak bideoak Denboraleak albisteak Eguraldia argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak