Gizartea -
Akordioa
Gipuzkoako ehiztariek ehizari helduko diote greba bertan behera utzi ondoren
Ehiza Federazioak eta Foru Aldundiak Gipuzkoan ehiza larria arautzeko oinarrizko lankidetza-akordioa lortu zuten ostiralean.
Agentziak
Gipuzkoako ehiztariek ehizari helduko diote berriz ere martxotik egiten ari ziren greba mugagabea bertan behera utzi ondoren. Diputazioaren eta Ehiztarien Federazioaren artean zegoen gatazka gai sorta konpontze bidean jarri dute azken bi asteotan, eta azkenean ere ehizara itzultzea erabaki dute, besteak beste, basurde uxaldiak eginez.
Ehiza Federazioak eta Foru Aldundiak Gipuzkoan ehiza larria arautzeko oinarrizko lankidetza-akordioa lortu zuten ostiralean. Ildo horretatik, oraindik ere "gehiago landu beharreko arloak" zehaztu gabe gelditzen direla aitortu du Aldundiak, eta horiek garatzeko "elkarlanean" aritu beharko dira legealdian.
Uliako postuetan ehiza egiteko baimena ematen duen foru aginduaren argitalpena izan da azken bultzada eman diona Federazioaren elkarteari greba bertan behera uzteko. Baina azken bi asteotan izandako negoziazio eta akordio batzuek bideratu dute adostasuna, eta baserritarrek eskatzen zituzten uxaldiak egingo dituzte.
Poza ez da erabatekoa baserritarrentzat. EHNE eta ENBA sindikatuak gustura daude uxaldiei ekingo zaielako, baina haserre agertu dira gatazka horren konponbideak kanpoan utzi dituztelako, euren ustez. Jarraipen batzordean egon ahal izatea ere eskatu dute.