Gizartea -

Epaiketa Donostian

Tatuatzailearen aurka deklaratu dute bere bikotearen alabak eta pisu-kide ohiak

Epaiketa urrira arte etetea erabaki du epaileak, hainbat lekukok ostegun honetako saioan deklaratzeko aukerarik izan ez dutelako.

Pintaketak egin zituzten tatuatzailearen estudioan. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Pintaketak egin zituzten tatuatzaileak Donostian zeukan estudioan.
Urriaren hasiera arte eten dute Donostiako tatuatzailearen aurkako epaiketa

1:20

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako tatuatzailearen aurkako epaiketaren bigarren saioa egin dute gaur goizean. Hamabi emakumeri sexu-erasoak eta gehiegikeriak egitea egotzita, Fiskaltzak 21 urte eta lau hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du auzipetuarentzat.

Atzokoan biktimek eman zuten testigantza, eta gaurkoan akusatuaren pisu-kide ohiak, bikoteak eta horren alabak deklaratu dute. Lauak elkarrekin bizi izan ziren 2013ko urtarrila eta 2014ko uda bitartean, Donostian.  

Garai hartan estudiorik ez zeukanez, etxean egiten zituen tatuajeak. Akusatuaren pisu-kideak azaldu duenez, etxera joaten ziren zenbait neskak beragan jo zuten, tatuatzailea intsinuazioetan aritzen zela ohartaraziz. Halaber, gizonak sare sozialen bidez bidaltzen zizkien mezuak erakutsi zizkioten.

Hasiera batean ez zuen muturrik sartu nahi izan eta horregatik ez zuen ezer egin. Alabaina, behin, orduan bere bikotekidea zenak ere jasan zituen akusatuaren gehiegikeriak eta horren berri izan zuenean gizona, haren bikotekidea eta alaba etxetik botatzea erabaki zuen.

Ondoren tatuatzailearen bikotekidearen alabak hartu du hitza. Amarekin eta akusatuarekin harremanik ez duela adierazi du. Negozioa abiatu zuenean auzipetuari marketin kontuetan laguntze ziola kontatu du. Etxera tatuajeak egitera joaten ziren neskei akusatuak “komentario lizunak” egiten zizkiela baieztatu du.   

Areago, berak ere gertakari “oso desatseginak” jasan behar izan zituela aitortu du. Amaren aurrean, argazkiak biluzik ateratzeko proposatu zion akusatuak, estudioa iragartzeko irudia izango zela aitzakia gisa erabilita. “Berarekin bakarrik geratzea saihesten nuen”,  azpimarratu du.

Bigarren saioan tatuatzailearen bikotekideak ere deklaratu du. Bezeroak etxera joaten zirenean bera beti aurrean egoten zela eta inoiz ez zuela haien kexarik jaso nabarmendu du. “Inoiz ez nuen ezer entzun, ezta garrasirik ere”, gaineratu du.

Bestalde, epaiketa urrira arte etetea erabaki du epaileak, hainbat lekukok, arrazoi ezberdinak tarteko, ostegun honetako saioan deklaratzeko aukerarik izan ez dutelako.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Indarkeria matxista Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa Sexu erasoak