Gizartea -
Festibala
Open House 2019k 81 eraikin erakutsiko ditu Bilbon, Barakaldon, Getxon eta Leioan
Bilboko Itsasadarra izango du ildo nagusi festibalaren hirugarren edizioak. 2018koan, 35.000 lagunek baino gehiagok bisitatu zituzten parte hartu zuten eraikinak.
Agentziak | Erredakzioa
Open House Bilbao Nazioarteko Festibalak, irailaren 28an eta 29an, aukera emango du Bilboko, Barakaldoko, Getxoko, eta, lehen aldiz, Leioako 81 eraikin bisitatzeko, doan eta aldez aurretik izena eman gabe. Bilboko itsasadarra izango du ildo nagusi festibalaren hirugarren edizioak.
OUT elkarteak antolatuta, Bilboko Udalaren babesa izango du. Horrez gain, besteak beste, ondorengo erakundeek lagunduko dute: Bizkaiko Aldundiak, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak eta Barakaldoko eta Getxoko udalek.
Festibalaren helburua da udalerri parte-hartzaileetako “lan arkitektonikorik nabarmenen balioa erakustea eta ospatzea”. 81 eraikinak seinaleztatuta izango dira kanpoaldean, eta boluntarioak izango dira, informazioa eman, ilarak kontrolatu eta eraikinak erakusteko. 2018ko edizioan, 35.000 lagunek bisitatu zituzten eraikinak, eta 500 boluntariok parte hartu zuten; kopuru hori dagoeneko gainditu dute aurten, 600 boluntariok eman baitute jada izena. Hortaz, eraikin guztiak ireki ahal izango dituzte.
Bisitetan 20-30 bat minutuko ibilbide gidatuak egingo dituzte, 25 bat lagunek osatutako taldeekin. Irekitze-ordutegia eraikin bakoitzak zehaztuko du; aukera izango da festibalaren planoetan eta web orrian kontsultatzeko. Kasu gehienetan, ez da izango zertan eman izena aldez aurretik; nahikoa izango da bertaratzea eta txanda itxarotea.
Itsasadarra da festibalaren “ildo nagusia”; izan ere, ikusgai izango dira itsasadarraren jatorri komertzialaren berri ematen duten eraikinak, Bilbo barrualdeko portua zenekoak”, eta, horrez gain, bisitatu ahal izango dira Barakaldoko zamatzeko tokiak eta Getxoko Jauregi Etxeak, “industrializazioak ekarritako iraultza handia ulertzeko”. Hiri-birsorkuntza eta metropoli-eraldatzearen erakusgarri dira horiek.
Ikusgai izango diren eraikinetako batzuk
Bilbok, adibidez, 53 eraikin irekiko ditu ekitaldi honetan. Nabarmentzekoa da Deustuko Ardandegiaren Etxeak zabalduko dituztela aurten, Rafaela Yvarra Villalongaren familia-etxea (Altos Hornos de Vizcaya enpresaren sortzailearen alaba zen). Halaber, Burtsa, Ibaigane jauregia, La Concordia geltokia, Deustuko Unibertsitate Literarioa, Deustuko Sifoia, La Bilbaina elkartea, Bailengo etxe orratza eta Bolueta dorrea ere izango dira ikusgai.
Barakaldon 15 eraikin zabalduko dituzte. Itsasadarraren industrializazioaren historiaren berri emango dute, Altos Hornoseko eraikinen eta zamatzeko tokien bidez; halaber, nekazaritza- eta abere-iraganera ere hurbilduko ditu bisitariak, baserri-dorreen bitartez; Galindoko inguruneko arkitektura berria ere erakutsiko du, bai eta BECeko dorretik ikusten diren ikuspegi ederrak.
Munoa jauregia ere zabalduko dute; 1860an eraiki zuten, eta 1916an eraberritu, Rafael Echevarria Azcarate industrialariak Ricardo Bastida arkitektoari egindako mandatuaren ondorioz. Frantziar estiloa eman zion jauregiari Bastidaren proiektuak.
Getxon, aukera izango da bisitatzeko antzinako Jauregi Etxeak (Bilboko eta Barakaldo beste eraikin garrantzitsu batzuekin dute lotura); gainera, udalerriaren bilakaera eta garapenaren berri ematen duten beste hainbat eraikin ere izango dira zabalik. Guztira, 12 izango dira.
Bake Eder jauregia izango da horietako bat; 1901ean eraiki zuten, Luis Elizaldek zuzenduta. Leioan, Artatza jauregia irekiko dute.