Gizartea -

Amatasun prestazioak

Nafarroako Gobernuak Parlamentuko memoriak aipatu ditu PFEZa ez itzultzeko

Bi amek salaketa jarri zuten Foru Gobernuaren kontra amatasun prestazioengatik atxikitako PFEZa itzultzeko. Gaur izan da auzi saioa, eta aldeek euren argudioak mahai gainean jarri dituzte.

PFEZa itzultzeko eskatzeko Iruñean egindako manifestazioa. ETbko bideo batetik ateratako argazkia
PFEZa itzultzeko eskatzeko Iruñean egindako manifestazioa.
PFEZa itzultzeko eskatzeko Iruñean egindako manifestazioa. ETbko bideo batetik ateratako argazkia

Agencias | Redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amatasun eta aitatasun prestazioei dagozkien PFEZaren (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) atxikipenak itzultzearen auzia epaitegietara heldu da Nafarroan. Bi amek salaketa aurkeztu zuten Foru Gobernuaren kontra, atxikipen horiek itzultzeko eskatuz (hala ebatzi zuen Gorenak, baina Nafarroak zerga arau propioa zuenez, ez zen dirua itzuli). Gaur egin dute lehendabiziko bista Nafarroako Justizia Jauregian. Nafarroako Gobernuak auzi saioan argudiatu duenez, Parlamentuko memorietan jasoa dago prestazio horiek ez daudela zerga ordaintzeaz salbuetsita.

Foru abokatuak azaldu duenez, PFEZren inguruko 22/2012 foru legea bozkatu zutenean parlamentari guztiek eskura izan zuten memoriok, eta horren arabera bozkatu ahal izan zuten. Agiriotan argi eta garbi jasotzen zen prestazioengatik zerga ordaindu beharra zegoela.

Abokatuaren esanetan, "salbuespena ez zen zehaztasun faltagatik jarri, salbuetsita egotea nahi izan zutelako baizik".

Memoriez gain, Auzitegi Goreneko eta Konstituzionaleko epai bana ere aipatu ditu abokatuak. Bi ebazpenetan memorien garrantzia azpimarratzen da "arau bat onartzeko aurrekariak ezartzen baitituzte".

Azkenik, Nafarroako Ogasunaren autonomia eta legegilearen askatasuna argudiatu ditu zerga arau propioak egiteko orduan. Abokatuaren esanetan, "ezin da Nafarroaren autonomia legegilea bertan behera utzi, eta Nafarroako arauek ez dute zertan Estatuaren berdinak izan behar".

Salaketa aurkeztu zuten amen arabera, "justizia eta ohore kontu bat da"

Maria Dolores Perez de Obanos abokatu eta ama zuhur agertu da epaitegitik ateratzean, baina atxikitakoa itzultzea "justizia eta ohore kontu bat" dela azpimarratu du.

Bi amek (Perez de Obanos berak eta beste batek) aurkeztu zuten salaketa Nafarroako Gobernuaren kontra. Aitortu duenez, Nafarroak zerga arau "espezifikoa" zuen horren inguruan, eta bertan amatasun eta aitatasun prestazioak ez zeuden salbuetsita. Dena dela, Perez de Obanosek gogorarazi du Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban gauza bera gertatzen zela (Gorenaren erabakiak ez zien berez lurralde historikoen ogasunei eragiten), eta halere, atxikitakoa itzuli zutela.

Abokatuaren hitzetan, Gizarte Segurantzak eskubide hori aitortzen du, eta Konstituzioak lurraldeen arteko "diskriminazioa debekatzen" du.

Perez de Obanosek deitoratu duenez, "Nafarroa da PFEZaren atxikipenak egin diren lurralde bakarra. Erabakiaren atzean arrazoi ekonomiko bat dagoela uste dut, baina erro politikoa ere badu".

Abokatuak ez daki noiz emango duen epaia Nafarroako Justiziak, baina laster izatea espero du: "Ez dut uste asko itxaron beharko dugunik, oso kontu mediatikoa izan baita". Azaldu duenez, prozesua asko luzatu da "hiru magistratu inhibitu behar izan dira, guraso ere bazirelako eta itzulketa eskatua zutelako".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Auzitegi Gorena Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua Gastu publikoa