Gizartea -
Indarkeria matxista
Bilbon emakume bat bahitu eta bortxatzea egotzita atxilotutako bi, espetxera
Sexu-erasoarekin lotutako hirugarren gizona karguekin aske utzi dute eta egunero joan beharko du epaitegira.
Agentziak | Erredakzioa
Bilbon emakume bat hainbat egunez bahitu eta bortxatzea leporatuta atxilotutako hiru gizonak gaur goizean eraman dituzte epailearen aurrera eta honek horietako bi espetxean sartzeko agindua eman du. Hirugarrena, berriz, karguekin aske geratu da.
Halaber, kartzelatutako biei biktimarengana hurbiltzeko eta harekin harremanetan jartzeko debekua ezarri die. Hirugarren auzipetuak egunero joan beharko du auzitegira sinatzera, EFE agentziak iturri judizialak aipatuta zabaldu duenez.
Hiru akusatuak 33 eta 36 urte arteko gizonak dira. Ertzaintzak igandean atxilotu zituen, biktimak salaketa jarri eta gero.
25 urteko emakumearen testigantzaren arabera, ostegunetik igandera bitartean bahituta izan zuten Bilboko etxebizitza batean eta denbora tarte horretan hainbat sexu-eraso jasan zituen.
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek ere euren "gaitzespen irmoa eta sumindura sakona" agertu dute sexu eraso horrengatik.
Bestalde, Bilboko mugimendu feministak elkarretaratzea deitu du (19:30ean, San Anton zubian) "Autodefentsa feministaz armatuta gaude" lelopean.
_____________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.