Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Hiru gizon atxilotu dituzte Bilbon, emakume bat bortxatu eta bahitzea leporatuta

Emakumeak salatu duenez, Bilbo Zaharreko etxe batean zegoela edarian zerbait bota zioten eta hiru egunez izan dute bahituta.

Hiru gizon atxilotu dituzte Bilbon, emakume bat bortxatu eta bahitzea leporatuta

1:27

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru gizon atxilotu dituzte azken orduotan Bilbon, emakume bat taldean bortxatu eta Bilbo Zaharra auzoko etxebizitza batean hiru egunez bahituta izan dutelakoan.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez, emakume batek talde bortxaketa eta bahiketa salatu ditu. Aipaturiko gertaerak Bilbo Zaharreko etxebizitza batean jazo, eta atxiloketak Atxuri inguruan eta etxebizitzan bertan izan ziren, ETBk jakin ahal izan duenez.

Hainbat hedabidek zabaldutako informazioaren arabera, etxe batean zegoela edarian zerbait bota zioten eta hiru egunez izan dute bahituta.

Hasiera batean lau pertsona atxilotu bazituzten ere, horietako baten inplikazioa ez omen dago garbi eta aske utzi dute. Hiru atxilotuak 33 eta 36 urteko gizonezkoak dira. Zenbait hedabidek diotenez, atxilotuek bi arma labur zituzten.

Atxilotuek ertzain-etxean igaro dute gaua, epailearen aurretik igaro zain.

Biktima, bere aldetik, Basurtuko ospitalean artatu behar izan dute.

Gaitzespen eta erreakzioak

Bilboko Udalak irmotasun osoz gaitzetsi eta bere samina agertu du Atxurin izandako eraso matxistarengatik. "Ekintza horrek osotasun fisiko eta moralaren kontrako erasoa izateaz gain, giza-eskubideen haustura larri eta jasanezina dakar berez", esan du Udalak. Udalak ekintzak arbuiatu eta ulertezintzat jotzen ditu. Halaber, emakumeari baita gertukoei ere, bere babesa helarazi die.

"Eraso sexual eta sexistek gizartean eta gure bizimoduan, arlo pribatuan zein publikoan, ematen den indarkeria matxista islatzen dutela gogorarazi gura die bilbotarrei. Ildo horretan, emakumeentzat errespetuzkoak ez diren mota guztietako jokabideak arbuiatzen ditu, keinu zein jarrera sexistak eta muturreko erasoak barne hartuta", esan du.

Hori dela eta, Bilboko Udalak berdintasunaren aldeko gizarte zuzena lortzeko duen konpromisoari lotuta, edonolako eraso sexistei aurre egiteko deia luzatzen die herritarrei eta, aurrekoaren ondorioz, inolako tolerantziarik ez agertzera eta ekintza horiek zigorrik gabe ez uztera gonbidatzen ditu.

Bilboko Udalak eraso horiek gaitzesteko ekintzetan parte hartuko du eta Genero Indarkeriaren alorrean Arretarako eta Prebentziorako Programaren udal zerbitzuak horietaz baliatu behar dituztenen esku jarriko ditu, arreta osoa eta espezializatua eskaintzeko asmoz. 

Gainera, Bizkaiko Batzar Nagusietan ordezkaritza duten talde guztiek bat egin dute Udalaren adierazpenarekin; hala, Batzar Nagusiek ere "gaitzespenik handiena eta sumindura sakona" agertu dute, gertaturikoaren aurrean. "Arbuiorik bortitzena" azaldu dute; izan ere, "osotasun fisiko eta moralaren aurkako atentatua da, giza-eskubide guztien urratze larri eta onartezina".

Udalak onartutako testuaren ildotik, Batzar Nagusiek berretsi dute euren konpromisoa lortzeko "gizarte zuzena eta berdintasunezkoa, indarkeria matxistarik gabea"; herritarrei eskatu die "ez onartzeko eta ez uzteko zigorgabetasunean matxismoa, eraso matxisten aurrean banakako eta talde-erantzukizuna hartuz".

Batzar Nagusiek parte hartuko dute eraso honen kontrako gaitzespen-ekintzetan. Halaber, biktimari babesa eta elkartasuna agertu diote, eta adierazi dute konpromisoa dutela berdintasun-politika sustatzen jarraitzeko; azken helburua da "Bizkaian ez egotea eraso matxistarik, emakumeak ez izatea beldur erasoengatik, eta gizonen eta emakumeen arteko elkarbizitza adeitsua egotea".

_____________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Bilboko azken albisteak Ertzaintza Tratu txarrak gaur Azken ordukoa Bizkaia Delituak bideoak Bahiketak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako gida Matxismoa Eraso sexualak gaur