Gizartea -
Drogaren aurkako operazioa
Hiru pertsona atxilotu dituzte Barakaldon 500 marihuana landare atzeman ostean
Samano (Castro Urdiales) herriko txalet batean zegoen plantazioa. Konfiskatutako landareek 50.000 euro balio dute drogaren merkatuan.
EITB.EUS
Espainiako Poliziak 500 marihuana landare inguruko plantazio bat atzeman du Samano (Castro Urdiales, Kantabria) herriko txalet batean, eta hiru pertsona atxilotu ditu Barakaldon, droga-trafikoa egitea, gaizkile talde bateko kide izatea eta fluido elektrikoan iruzur egitea egotzita.
Plantazioa Samano herriko Sangazo auzoko txalet batean topatu dute agenteek. Egindako ikerketan egiaztatu ahal izan dutenez, etxea argindar sareari legez kanpo konektatuta zegoen —oso ohikoa da tankera horretako plantazioetan, argindar asko behar baita—. Hala, landareez gain, zazpi lanpara halogeno, zazpi transformadore elektriko, bost haizagailu eta lau aire-iragazki handi ere konfiskatu dituzte.
Barakaldon atxilotutako hiru lagunetako bat txaleteko maizterra zen.
Poliziaren arabera, atzemandako landareek 50.000 euro balio dute merkatuan, eta are gehiago Europa erdialdean.