Gizartea -

KATALUNIA

Sindikatu independentistek greba orokorrera deitu dute Katalunian urriaren 11rako

Grebak hezkuntzan eta Administrazioan izango du eraginik handiena.

Manifestazio independentista. Irudia: EFE
Manifestazio independentista
Manifestazio independentista. Irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Intersindical-CSC (Confederación Sindical Catalana) eta IAC-CATAC (Intersindical Alternativa de Catalunya – Candidatura Autònoma de Treballadors i Treballadores de l’Administració de Catalunya) sindikatu-elkarteek greba orokorrera deitu dute urriaren 11rako lan eta gizarte eskubideak aldarrikatzeko. Greba deialdia aurkeztu dute jada Generalitateko Lan Departamentuan, eta erakunde patronalei ere eman diete grebaren berri.

Sindikatuen arabera, 24 orduko geldialdia Espainiako hauteskunde-prozesu berriaren testuinguruan egin dute Kataluniako "lan eta gizarte eskakizunak" gogorarazteko.

Zehazki, deialdiaren arrazoiak Intersindical-CSC sindikatuak otsailaren 21eko greban erabilitako berdinak dira: Katalunian 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzeko eskatzea eta lan-erreforma indargabetzeko eskatzea.

Gainera, lan-munduan genero berdintasuna bultzatzea, soldata-arrakala gainditzea, eta gizarte politikak eta politika ekologikoak berreskuratzea ere eskatzen dute.

Greba urriaren 1eko erreferendumaren bigarren urteurrena izan eta egun batzuetara egingo dute, eta udazkena tentsio handikoa izatea aurreikusten da 'proces' kasuko epaia kaleratuko baitute.

Grebak hezkuntzan (USTEC-STES sindikatua da nagusi) eta Administrazioan izango du eraginik handiena. Azken horretan, Intersindical-CSC da lehen sindikatua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Grebak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean