Gizartea -

Proiektu pilotua

Genero indarkeriaren biktimak Bilboko auzitegian laguntzeko programa abian jarri dute

Eusko Jaurlaritzaren Zurekin programaren helburua genero indarkeria edo sexu erasoen biktimek epaitegira joatean jasotzen duten laguntza sendotzea da.

Eusko Jaurlaritzaren Zurekin programaren aurkezpena. Argazkia: Irekia
Loly de Juan, Maria Jesus San Jose eta Ines Ibañez de Maeztu Zurekin programaren aurkezpenean
Eusko Jaurlaritzaren Zurekin programaren aurkezpena. Argazkia: Irekia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak Bilboko epaitegietan abian jarri berri du genero indarkeriaren edo sexu erasoen biktima diren emakumeei laguntzeko programa pilotu bat.

Zurekin izeneko zerbitzua atzo jarri zuten martxan. Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburuaren hitzetan, "Justizia Administraziotik genero indarkeriaren biktima diren emakumeei ematen dizkiegun arreta eta babesa oraindik gehiago indartzen ari gara".

Euskadiko Birgizarteratze Institutuko (IRSE-EBI) talde bat (psikologia, lan, eta gizarte- eta haur-hezkuntza arloetako bost profesionalek osatzen dute) "biktimek jasaten duten estres-maila minimizatzeaz, bere egoera gogorra bideratzeaz eta erakunde publikoekin eta judizialekin duten erlazioa ahalik eta egokiena izan dadin bermatzeaz" arduratuko da.

San Josek azaldu duenez, epaitegietan ibiltzeak biktimarengan sortzen duen antsietatea arintzeaz gain prozesuaren inguruko informazio xehatua eskainiz, biktimari egoerari aurre egiteko behar dituen tresnak emango zaizkio.

Halaber, biktimaren epaitegirako sarrera kudeatu, erasotzailearekin edo horren familiarekin aurrez aurre ez topatzeko babes-neurriak ipiniko ditu programa berriak. Baita itxaronaldia sozializatzea, edo sor daitezkeen ezustekoak konpontzea ere.

Maria Jesus San Josek ere azpimarratu du laguntza-programa horren barne ere sartuta dagoela, gurasoek/arduradunek egoitza judizialean dagozkien kudeaketak burutzen dituzten bitartean, hauen seme-alabei arreta ematea.

Gainera, adingabeak prozesu judizialaren protagonista direnean, analisi bat egingo da. Analisi horrek egoitza judizialean dagozkien taldeek —talde psikosozialak eta balioespen forentseko unitateak— egiten duten miaketa osatzeko balioko du.

Esperientzia pilotua aztertu ostean, baliteke 2021ean EAEko beste auzitegi batzuetara programa zabaltzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Indarkeria matxista Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa