Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen bere emaztea labanaz sastatzeagatik
Biktima osasun zentro batera eraman behar izan dute, buruan eta eskuan zauriak zituelako.
eitb.eus
40 urteko gizon batek bere emaztea labanaz sastatu du Gasteizen eta zauriak eragin dizkio aurpegian eta esku batean. Gainera, ertzainei eta udaltzainei aurre egin die, bi urteko semea etxebizitza barruan zegoela.
Erasoa Iparralde gizarte-etxearen inguruetan gertatu da. Konkretuki, Errege-Erregina Katolikoen kaleko etxebizitza batean.
Udaltzaingoa jakitera eman duenez, gertakariak 18:40 aldera jazo dira. Biktimak larrialdi zerbitzuei abisua eman die, etxetik ihes egitea lortu ondoren. Gizonak arma zuri batekin zauriak egin dizkiola jakinarazi du emakumeak.
Erasotzailea etxe barruan poliziei eusten saiatu da, bikotearen bi urteko semea barruan zegoela. Hasiera batean, udaltzainak ezin izan dira sartu, eta Ertzaintzari laguntza eskatu behar izan diote, atea botatzeko.
Suhiltzaileak, osasun langileak, Udaltzaingoa eta Ertzaintza bertaratu dira, eta azkenean etxean sartu eta erasotzailea atxilotu dute.
Bestalde, biktima osasun zentro batera eraman behar izan dute, buruan eta eskuan zauriak zituelako.
------------------------------------------------------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.