Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon bat atxilotu dute Agurainen, emakume bati aizto batekin eraso egitea leporatuta

Atxilotuak bultzada eman zion emakumearen nebari, mozkortuta zegoela, eta tabernatik kanporatu zuten, baina minutu batzuk geroago itzuli zen, gizon horri aizto batekin eraso egiteko asmoz.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

43 urteko gizon bat atxilotu dute Agurainen, emakume bati sabelean aizto batekin eraso egitea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak astearte honetan jakinarazi duenez.

Erasoa igandean jazo zen, Aguraingo taberna batean. 02:00ak aldera, Ertzaintzaren patruila bati bertaratzeko eskatu zioten, emakume batek eraso matxista jasan baitzuen.

Agenteak berehala iritsi ziren, eta biktima senide batzuekin topatu zuten, ustezko erasotzailearen beste lagun batzuekin eztabaidan.

Gizonak sukaldeko aizto batekin sabelean eraso ziola jakinarazi ondoren, beharrezko ikerketa egindakoan, Gasteizen aurkitu zuten ustezko erasotzailea, eta atxilotu eta ertzain-etxera eraman zuten.

Salaketaren arabera, atxilotuak emakumearen neba bultzatu zuen, mozkortuta zegoela, eta, hori dela eta, tabernatik kanporatu zuten.

Minutu batzuk geroago, ordea, erasotzailea itzuli egin zen, eta gizon horri aizto batekin eraso egiten saiatu zen. Emakumearen senideek hari erasotzea eragotzi zioten, baina emakumeari eraso zion orduan, aiztoa sabelaldean sartuta.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Indarkeria matxista Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa