Gizartea -

Indarkeria matxista

Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen bikotekideak kolpatu eta mehatxatzeagatik

Horietako batek aizkora bat erabili zuen biktima beldurrarazteko.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udaltzaingoak 40 eta 33 urteko bi gizon atxilotu zituen atzo, asteazkenarekin, bikotekideak kolpatu eta mehatxatzeagatik. 40 urtekoak aizkora bat erabili zuen biktima beldurrarazteko.

Udaltzaingoak ohar batean gaur jakinarazi duenez, lehen atxiloketa eguerdian egin zuten. Emakume batek 092 telefonora deitu zuen laguntza eskatzeko. Agenteak Salburua auzoko etxebizitzara heldu zirenean, kanpoaldean topatu zuten biktima. Bikotekideak eraso eta aizkora batekin mehatxu egin ziola jakinarazi zien.

Agenteek ustezko erasotzailea ere galdekatu zuten. Bi bertsioak entzunda, eta emakumeak zituen lesioak ikusita, genero indarkeriaren delitua egotzita atxilotu zuten. Gizona gaur igaroko da epailearen aurretik.

Biktima ospitalera eraman zuten lehenengo, eta Agirrelandako polizia-etxera, gero, salaketa jartzera.

Beste gizon bat, 33 urtekoa, ere atxilotu zuen Udaltzaingoak, hori ere bikotekidea kolpatu eta mehatxatzeagatik. Alde Zaharreko etxebizitza batean emakume bat laguntza eske oihuka zegoela eta, 092 telefonora deitu zuten bizilagunek. Agenteak bertara heldu zirenean, biktima, bikotekidea eta beste gizon bat topatu zituzten. Hirugarren horrek baieztatu zuenez, 33 urteko gizonak eraso eta mehatxu egin zion bikotekideari. Agenteek ustezko erasotzailea atxilotu zuten.

Biktima erietxera eraman zuten agenteek lehenengo, artatzera, eta komisariara, gero, salaketa jartzera.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Indarkeria matxista Herriak eta Hiriak Araba Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa Salburua gaur