Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon batek urruntzeko agindua urratu du eta bikotekide ohiari eraso egin dio Bilbon

Ertzaintzak erasotzailea atxilotu du. Biktimak aurpegian kolpeak zituen, eta saihets-hezurretako minaz kexu zen.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon batek urruntzeko agindua urratu du eta bere bikotekide ohiari eraso egin dio Bilboko etxebizitza batean. Erasotzailea ostegun goizaldean atxilotu dute.

Ertzaintzari abisua eman dio herritar batek. Etxebizitza barruan emakumearen oihuak eta objektuen kolpe hotsak entzun dituela azaldu du auzoko batek telefono deian.

Ertzainak bertaratu direnean, etxebizitzako atea itxita aurkitu dute; atea zabaltzeko eskaerak egiterakoan, inork ez zion jaramonik egiten. Atea bortxatzeko zorian zeudenean, gizonak atea zabaldu du. Erasotzaileak zauriak zituen, besoetan batez ere.

Ertzainen aurrean itxurak egiten saiatu da, lo zegoela eta ezer ez zuela entzun esanez. Gizonaren bertsioa egiaztatzeko, ertzainak etxe barrura sartu dira, eta altzari apurtuak eta egongelako objektu sakabanatuak topatu dituzte. Ondoren, ertzainek emakumea aurkitu dute, aurpegian kolpeak zituela eta saihets-hezurretako minaz kexu zela. Nahiz eta sintoma horiek azaldu, emakumeak osasun-langileek artatzea baztertu du.

Susmagarria identifikatu ondotik, bikotekide ohiarengana hurbiltzea debekatzen zion agindu judiziala zuela ikusi dute ertzainek. Gizona atxilotu dute, babes neurriak urratzea eta genero indarkeria egotzita.

Atxilotua Bizkaiko Auzitegiko emakumeen aurkako indarkeria epaitegiaren esku jarri dute eguerdian.

--------------------------------------------------------------------------------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Ertzaintza Indarkeria matxista Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa