Gizartea -
Gertakaria
Etxera itzuli dira Laudion eraikin batetik atera dituzten 35 familiak
Latiorroko oinezkoen pasabidea kentzeko lanek egitura desegonkortu dute bart, eta, badaezpada, familiak etxetik atera dituzte.
EITB.EUS
Laudioko (Araba) Zubiko kaleko 2. zenbakian etxetik atera dituzten 35 familiak etxera itzuli dira, ondoan dagoen Latiorroko oinezkoen pasabidea behera etortzeko arriskuagatik goizaldean aterarazi ostean.
Latiorroko oinezkoen pasabidea kentzeko lanak egin dituzte goizaldean, eta erabilitako garabiak egitura desegonkortu omen du. Ondorioz, zubia erortzeko arriskua zegoela ikusita, ondoan dagoen etxebizitza eraikina hustea erabaki dute 03:00ak aldera.
Latiorroko oinezkoen pasabidea Renferen trenbidearen gainetik igarotzen da. Hori dela eta, segurtasun neurri gisa, tren zerbitzua ere eten dute Ugao eta Amurrio artean. Eten horrek Bilbotik irten eta hiriburua jomuga duten ibilbide luzeko trenei ere eragin die. Zerbitzu hori etenda egon den bitartean, autobusez garraiatu dituzte bidaiariak. 17:00etarako, berriz, zerbitzua bere onera itzuli da.
Kendu nahi duten pasabidea gaur egun ez dago erabilgarri, hori ordezkatzeko lurpeko pasabide modernoago bat eraiki baitzuten Laudioko bizilagunentzat, eskailera mekanikoekin hornitua.