Gizartea -
Eguraldiaren iragarpena
Abisu horia ezarriko dute igandean, haize ufada eta olatu handiengatik
Itsasaldeko arriskuagatik ezarritako abisu horia, alerta laranja bilakatuko da goizean, eta 18:00ak arte egongo da indarrean, 6 metrorainoko olatuak espero baitira.
eitb.eus
Asteburuan, tenperaturak behera egingo du eta euria botako du berriro. Hala, igande honetan, haize zakarra ibiliko da, eta euri asko egingo du, bereziki Kantauri isurialdean. Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du igandean, haize ufada handiak direla eta, batez ere kostaldean. Horrez gain, alerta laranja aktibatuko dute, itsasaldeko arriskuagatik.
Ostiral arratsaldean, zaparrada handiak botako ditu nonahi, eta baliteke noizbehinka mardulak eta trumoitsuak izatea. Kantauri isurialdean izango du eragin gehien, baina ez da baztertzen hegoaldean ere ekaitzak jo dezakeenik.
Larunbatean, tenperaturak nabarmen egingo du behera, eta zerua lainotuta egongo da egun osoan. Gauzak horrela, Euskalmetek adierazi du euria bota dezakeela eguneko edozein unetan, eta litekeena da arratsalde-gau partean eta Kantauri isurialdean ugariagoa izatea. Mendebaldeko haizea bizi samar ibiliko da. Goizean, hego-mendebaldekoa nagusituko da eta arratsaldean, berriz, ipar-mendebaldekoa.
Igandean freskatzen jarraituko du eta goizaldean eta goizean egingo du euria bereziki. Goizaldean haizea oso zakar ibiliko da, batez ere kostaldean. Lehen orduan hego-mendebaldetik joko du, baina goizaldean bertan haizeak ipar-mendebaldera egingo du. Testuinguru horretan, Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du haizeguneetan, 12:00ak arte. Goizaldean, hego-mendebaldeko haize-boladak 100 km/h-tik gorakoak izan daitezke; eta ipar-mendebaldera egingo badu ere, indar berari eutsiko dio.
Itsasoaren egoerari dagokionez, itsasaldeko arriskuagatik ere abisu horia ezarriko dute lehen bi miliatarako, eta 06:00ak arte egongo da indarrean. Hala, olatuen altuera adierazgarria 3,5-4 metro ingurukoa izango da. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 3,5-4 metro inguruko olatuak altxatuko ditu.
Abisu horia, alerta laranja bilakatuko da ordu horretan, eta 18:00ak arte egongo da indarrean, 6 metrorainoko olatuak espero baitira. Behin alerta laranja amaituta, abisu horia ezarriko dute berriro, eguna amaitu arte. Hala, Euskalmetek ohartarazi duenez, pasealekuetan eta malekoietan zipriztinak eta olatu-zaparrak sor daitezke, itsasgoretan bereziki.
Bestalde, haizeguneak ez diren lekuetan, goizean 70-80 km/h-ko haize-boladak izan daitezke. Dena dela, arratsaldetik aurrera haizea baretzen hasiko da. Haizeaz gain, prezipitazioak ere izango dira, egunaren lehen partean eta iparraldean batez ere. Arratsaldean, giroak lasaitzera eta atertzera egingo du.