Gizartea -

VTC

Arabak VTCen euskal proportzioa gainditu du 109 lizentziarekin

Arabak alokairuko auto gidaridunen (VTC) 109 lizentzia eta 243 taxi ditu, Espainiako legezko proportzioa gaindituz.

Araban ez da VTCen eta taxien arteko ratioa betetzen. EiTBko bideo batetik ateratako argazkia.
Taxiak ilaran, bezeroen zain
Araban ez da VTCen eta taxien arteko ratioa betetzen. EiTBko bideo batetik ateratako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Araban  daude, proportzioan, VTC eta taxi gehien, 109 VTC eta 243 taxi baitaude bertan. Espainian, Gorenak 30 taxi bakoitzeko VTC lizentzia bat onartzen du, eta horrek agerian uzten duenez, Arabak gehienezko tasa 13 aldiz biderkatzen du. Arau hori betez gero, Araban 8 VTC lizentzia egongo lirateke, ez 109. Jaurlaritzaren datuen arabera, Euskadik ere 1/30eko ratioa gainditu du, guztira 174 VTC lizentzia eta 2.149 taxi baitaude bertan.

Javier Hurtadok, Bide Azpiegituretako eta Mugikortasuneko diputatuak, Arabako VTC eta taxien egoera azaldu du Batzar Nagusiko batzorde batean, Uber edo Cabify enpresak, besteak beste, lurraldera iritsi ostean zabaldu diren kontuak argitze aldera. Bilbora Uber enpresaren 20 auto heldu dira dagoeneko.

Hurtadok gogorarazi du 2013ra arte 28 VTC lizentzia baino ez zeudela Araban, baina urte horretatik aurrera, 2015era arte, Mariano Rajoyren Gobernuak sektore hori arautu gabe utzi zuen. Ondorioz, hainbat eskaera egin ziren, eta aldundiek ukatu egin zituzten. Hala ere, eskatzaileek auzitara jo zuten, eta kasu askotan arrazoia eman diete. Beraz, 2013tik hona 81 lizentzia gehiago eman dira.

Foru diputatuak sektorea arautuko duen Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren zain jarraitzen duela azaldu du. Hori onartutakoan, Arabako Taxiaren Batzordearekin elkartuko dira, bi garraiobideen arteko "lehia orekatua" lortzen saiatzeko.

Hurtadok Estatuko araudiaren eta dekretuaren datu batzuk nabarmendu ditu. VTCak gutxienez ordubete lehenago kontratatu beharko dira, larrialdi egoeretan izan ezik. Era berean, ezin dute bezeroen bila joan edota geolokalizazioaren berri eman, eta identifikazio-eranskailuak eraman beharko dituzte.

EH Bilduren ustez, Estatuaren eskumen bat denez, "Aldundiak ezer gutxi egingo du", eta benetako kontrola izateko, enpresa horiei aplikatzen zaien fiskalitatea kudeatzea da bidea, baina "ate hori ez irekitzeko nahia" sumatzen du.

PP ere kritiko agertu da garraiobide horiekin, dena den, Hurtadok lizentzien uholdea gobernu popularrarekin eman zela gogorarazi du.

Elkarrekin Podemosek VTCen proportzio handiaren inguruan kezka azaleratu du, eta Jaurlaritzaren dekretua onartutakoan ikuskaritza lan zorrotza bideratuko duela esan du.

PSE-EEk zein EAJk erregulazio arazotzat jo dute, eta Arabako Taxiaren Batzordearekin modu koordinatuan lanean egitera animatu dute Aldundia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz berriak Albisteak