Gizartea -

Euskaraldia

Euskaraldiak 'gehiago' izan nahi du 2020ko edizioan

Bigarren edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da. Belarriprest eta ahobiziak izango dira protagonistak, baina erronka berri bat ezarri dute: lantokietan euskaraz aritzeko guneak sortzea.

Euskaraldiaren bigarren edizioaren aurkezpena.
Euskaraldiaren bigarren edizioaren aurkezpena.
2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da Euskaraldiaren bigarren edizioa

1:42

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur urtebete barru, 2020ko azaroaren 20an, hasiko da Euskaraldiaren bigarren edizioa, "Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan" lelopean.

Euskaraldiaren antolatzaile eta sustatzaileek agerraldia egin dute Donostiako San Telmo museoan, ekimenaren xehetasunak azaltzeko. Aurrekoan bezala, belarriprest eta ahobiziak izango dira protagonista nagusiak, baina badira zenbait nobedade: entitateen parte-hartzea bultzatuko dute eta ekimenaren iraupena 15 egunera luzatuko da.  

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 4ra egin zen lehen Euskaraldia. Edizio hartan izan ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ahobizi eta belarriprest moduan ariketan parte hartu zutenak. Elkarlan eta lankidetza eredu berriak zabaltzeko ere balio izan zuen ekimenak eta euskararen erabilera errazten duten arau sozial berriak ere gizarteratu ziren ariketa sozialean zehar.

Bigarren edizio honetan, ahobizi eta belarriprest herritarren ariketaz gain, taldeetan hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera izango dute era guztietako entitateetako kideek. Horretarako Euskaraldian garrantzia berezia hartuko duen kontzeptu berri bat sortu da: arigunea. Euskaraz aritzeko babesgune modura osatutako ariguneak izango dira ariketa sozialean taldean jarduteko aukera emango duten espazioak.

Donostian egindako aurkezpenean azaldu da gaurtik aurrera entitateek Euskaraldian inskribatu eta ariketarako martxan jarriko dituzten ariguneen berri eman dezaketela. Izen-emate honekin irekitzen da mota guztietako entitateek Euskaraldiari begira lanketa egiten hasteko aldia.

Ekimenaren bigarren edizioaren leloa aurkezteko baliatu dute Euskaraldiaren bultzatzaileek gaurko ekitaldia. "Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan" lelopean Euskaraldiaren bigarren edizioak hainbat berritasun izango dituela azpimarratu dute. Lehen edizioaren balorazioan aipatu modura, ibilbide luzeko ekimena izateko sortu zen Euskaraldia eta edizioz edizio urrats berriak ematea da helburua.

Irailean plazaratu zen Euskaraldiaren ikerketak azaleratu zuen moduan, abiapuntu ona izan zuen ariketa sozial berritzaile honek, Euskaraldiak emaitza onak eman baitzituen; hala ere, eragina handitzeko gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan aritu behar dugula argi erakutsi zuen.

Egun gehiago eta taldekako ariketak

Garapen horri erantzunez Euskaraldiak egun gehiago izango ditu hurrengo edizioan: 15 egun izango ditu ariketak. 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra hizkuntza-ohiturak astintzeko ariketa burutuko dute Euskal Herri osoko ahobizi eta belarriprest-ek.

2018ko ariketak banakako harremanak hartu zituen aintzat eta edizio berriak, aurrekoez gain, taldekako ariketak ere jasoko ditu. Banakako harreman pertsonaletan ez ezik, talde eremuetan ere ariketa egiteko aukera izango dute 2020ko udazkenean herritarrek. Entitateetan Euskaraldian parte hartzeko aukera zabalduko da, beraz: lantokietan, enpresetan, administrazio publikoan, herrietako asanbladetan, kultur zein kirol taldeetan… aukera emango die ahobizi eta belarriprestei eremu berrietan inertziak apurtu eta hizkuntza ohitura berriak barneratzeko.

Edizio berriak, halaber, iazko dinamika zabaldu eta sakontzea du helburu. Ekimenera ahobizi eta belarriprest gehiago bildu eta rolak ongi lantzea, alegia. Hori horrela, ahobizi eta belarriprest figurak zer diren azaltzen jarraituko da: portaeran dago gakoa, eta ez euskaraz hitz egiteko gaitasunean.

Ariguneak eta entitateak aipatzen badira ere, belarriprest eta ahobiziak izango dira protagonista edizio honetan ere. Horrela, hurrengo urteko ariketan lehen edizioan erabili ziren txapak izango dira elementu garrantzitsu bat eta antolakuntzatik arreta berezia jarriko zaio ahobiziak eta belarriprestak ariketarako prestatzeari.

Ariguneak dituen entitateen kasuan, antolakuntzaren baitako kideen parte hartzea ahalbideratu eta sustatzea izango da entitatearen egiteko nagusia, baita arigune horiek babesteko neurriak hartzea ere. Horregatik azpimarratu da entitateak sustatzaile izatetik funtzio garrantzitsua duten eragileak izatera pasako direla bigarren edizioan.

Euskal Herriko erakundeen babesarekin

Euskaraldiaren bigarren edizioaren aurkezpen ekitaldian hainbat erakundetako ordezkariek hartu dute parte: Euskaltzaleen Topagunearen lehendakari Kike Amonarriz, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiria,  Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollo eta Euskararen Erakunde Publikoko presidente zein Euskal Hirigune Elkargoko Hizkuntza Politika lehendakariorde Beñat Arrabit izan dira, besteak beste.

Kike Amonarrizek bigarren edizioaren helburua zein den zehaztu du: "Lehen Euskaraldiak zabaldu zuen komunitate zentzua hurrengoan sendotu egin nahi dugu, eta herriz herri sortutako indar hori egonkortzen saiatuko gara".

Bingen Zupiriaren sailburuaren iritzian, "lehen edizioak utzitako emaitza onak azpimarratu behar dira. Ikerketek eta partaideen bizipenek erakutsi digute herritarren ohitura, hausnarketa eta portaeretan aldaketak eragiteko balio izan zuela Euskaraldiak".

Ana Ollo kontseilariak, berriz, gaur fase "oso garrantzitsu bat" abiarazi dutela azpimarratu du:  "Beren funtzionamenduan euskaraz aritzeko gune babestuak identifikatu, sortu, sustatu eta zainduko dituzten entitateak ekimenera gehitzeko fasea hasi dugu".

Amaitzeko, Beñat Arrabitek dei berezia egin di euskaltzale eta eragileei, "herrietako antolakuntzan eta entitatez entitate ariketa zabaltzeko lanean" parte har dezaten. "Ahoz aho egin beharreko zabalkundean, herritar euskaltzaleak behar beharrezkoak dira", erantsi du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Eusko Jaurlaritza Iparraldea albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Euskaraldia