Gizartea -

Igande honetatik aurrera

Bizkaibusek Lemoako geltokia kenduko du Non Stop diskoteka irekitzen den egunetan

Euskotreneko geltokira joateko autobus-zerbitzua sortzea proposatuko dio Udalak diskotekari. Neurria igande honetan sartuko da indarrean, azaroaren 24an, 07:00etatik 10:00etara arte.

Artxiboko irudian, Bizkaibuseko autobus bat. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Artxiboko irudian, Bizkaibuseko autobus bat. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Artxiboko irudian, Bizkaibuseko autobus bat. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaibusen A3911 Bilbo-Elorrio eta A3912 Bilbo-Eibar lineek ez dute geraldirik egingo Lemoako Bolunburu industrialdean Non Stop diskoteka irekitzen den egunetan; izan ere, autobus-gidariek eta erabiltzaileek diskoteka inguruko giroak eragindako segurtasun eza salatu dute.

Hain zuzen, Bizkaibusen autobusek ez dute geldialdirik egingo geraleku horretan diskoteka irekitzen den hurrengo eguneko 07:00etatik 10:00etara bitartean, goizean, tarte horretan gertatzen baitira istiluak, jendea diskotekatik irteten den unean, alegia.

Hala jakinarazi dio Miguel Angel Gomez Viar Bizkaiko Aldundiko Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko foru diputatuak Saioa Elejabarrieta Lemoako alkateari, egoera aztertzeko ostegun honetan egin duten bileran.

Foru Agindua igandean jarriko da indarrean, azaroaren 24an, Non Stop diskotekak larunbatean irekiko baititu berriro ateak, azaroaren 23an. Guztira, aipaturiko bi lineetako 11 joan-etorriri eragingo die neurriak, hala Bilboko noranzkoan nola Durangokoan.

Aldi baterako neurria izango da, eta sortu den segurtasun ezak irauten duen bitartean eutsiko diote.

Euskotrenen geltokira joateko autobus-zerbitzua sortzeko proposamena

Bizkaibusen geralekua kentzeak bide-segurtasuneko arazoak ekartzeko aukera dagoenez, Lemoako alkateak konpromisoa hartu du bezeroak Euskotrenen Lemoako geltokira eramango dituen autobus-zerbitzua antolatzeko proposatuko diela diskotekaren jabeei. Horren bidez, bezeroak ez lirateke bazterbidetik oinez joan behar izango; izan ere, horrek arriskua ekar liezaieke haiei eta une horretan igarotzen diren ibilgailu guztiei. Autobus hori Bizkaibus zerbitzurik ez dagoen hiru orduetan ibiliko litzateke, hau da, 07:00etatik 10:00etara.

Bi arduradunak ados egon dira: diskoteka irekitzen den egunetan, haien iritziz, ordena publikoko arazoak sortzen dira, eta, batez ere, Bizkaibuseko langileei eta erabiltzaileei eragiten diete egoera horiek. Hori dela eta, elkarrekin lan egiteko beharra nabarmendu dute, segurtasun eza sortzen duten egoera horiek desagerrarazteko, autobusa erabili behar dutenei kalterik egin gabe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak EAE albisteak Gizartea Bizkaibus Eguneko albisteak Albisteak Bizkaibusen ordutegiak Lemoa albisteak Arratia-Nerbioi