Gizartea -

Elikagaien bankuak

Aurtengo Elikagaien Bilketa Erraldoia azaroaren 22tik 24ra izango da

Hainbat dendatan elikagai bilketak egingo dituzte eta bonoak erosiz ere lagundu ahalko da.

Elikagaien Bilketa Erraldoia azaroaren 22tik 24ra izango da. Argazkia: EiTB
Elikagaien Bilketa Erraldoia azaroaren 22tik 24ra izango da. Argazkia: EiTB
Elikagaien Bilketa Erraldoia azaroaren 22tik 24ra izango da. Argazkia: EiTB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurten zazpigarrenez antolatu du Espainiako Elikagaien Bankuen Federazioak Elikagaien Bilketa Erraldoia. Azaroaren 22tik 24ra izango da eta Euskal Herriko hegoaldean 825 saltokitan bat egin ahalko da ekimenarekin.

Ekimena aurrera eramateko elikagaien bankuek elkartasuna eskatu diete herritarrei, bai boluntario gisara baita dohaintzak eginez ere.

Saltokietan informazioa emango duten arren, elikagai hauek dira eskaera handiena dutenak: zerealak, lekaleak, arroza, pasta, esnea, olioa, saltsak, zukuak, fruitu lehorrak, aurrez prestatutako jakiak, kontserbak, esne-hautsa eta haurrentzako poteko janaria, besteak beste.

Bizkaiko Elikagaien Bankuan 950.000 kilo/litro elikagai eskuratzea espero dute. Horretarako,300 saltokitan dohaintzak egiteko postuak jarriko dituzte. Gainera, bonoen bitartez ere lagundu ahalko da: 10, 20 eta 25 euroko bonoak jarriko dira laguntza eskaini nahi duen ororen eskura. Internetez erosteko aukera dago Bizkaiko Elikagaien Bankuaren webgunean. Hori egiteko, 5.500 boluntario egongo dira lanean.

Gipuzkoan, berriz, bildutako elikagai kopurua 650.000 kilo/litro izatea espero dute bertako elikagaien bankuan. Bizkaian bezala, dohaintzak ez ezik, bonoak erosteko aukera ere egongo da Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren webgunean: 5, 10 eta 25 euroko bonoak daude salgai. 200 saltokik jarriko dituzte bilketa puntuak eta 1.800 boluntario inguru egongo dira lanean asteburuan zehar.

Arabako Elikagaien Bankuaren kasuan, 210.000 kilo/litro jasotzea aurreikusten dute. Bilketa puntuak 80 dendatan jarriko dituzte eta 1.430 boluntariok lagunduko dute bilketa egiten.

Nafarroako Elikagaien Bankuari dagokionez, 245 dendak bat egin dute ekimenarekin. Guztira 3.000 boluntario egongo dira Nafarroan.

Guztira EAEn 1.810.000 kilo/litro elikagai biltzea espero da. Horretarako, 580 dendatan bilketa postuak jartzeaz gain, 8.730 boluntarioren lana beharko da.       

Eroski, BM eta E. Lecrerc kateetako supermerkatuetan ere bonoak erosteko aukera izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Azken ordukoa Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Gaurko albisteak Nafarroan Araba EAE Gizartea Eguneko albisteak Albisteak GKEen albisteak Supermerkatuak