Gizartea -

HONDAKINAK

Datorren ostegunean hasiko dira zaborra erretzen Zubietako erraustegian, proba fasean

Gipuzkoako Ingurumen diputatuak esan duenez, 2020ko lehen hiruhilekoa bukatzerako erraustegia martxan egongo da, aurreikusitakoa baino hilabete batzuk beranduago.

Zubietako erraustegia. Argazkia: EiTB.
Zubietako erraustegia. Argazkia: EiTB.
Zubietako TMB planta hasi da lehen hondakinak hartzen

1:16

AGENCIAS | REDACCIÓN

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datorren ostegunean, azaroak 28,  hainbat tona zabor erretzen hasiko dira  Zubietako erraustegian, proba fasean, eta behin entsegu eta doitze prozesua amaituta, 2020ko martxoan martxan egongo da planta. Hala jakinarazi du Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuarekin batera, Zubietara egin duen bisitan.

Asensiok jakitera eman duenez, gaur bertan bi labe piztu dituzte, datorren asteko probetarako prest egon daitezen, eta erraustegiaren kontrolerako sistemen programazioa ere amaitzear da. "Lanak nola dauden ikusita, hemendik gutxira hasiko gara zaborra tratatzen balorazio energetikoko plantan, proba fasean. Gure ustez, martxorako amaituta egongo dira entseguak eta gure zabor guztia Gipuzkoan tratatzeko ahalmena izango dugu", esan du foru diputatuak.

"Hornidura energetikoarekin izandako arazo teknikoak tarteko",  aurreikusitakoa baino beranduago jarriko dutela martxan erraustegia onartu du Asensiok, baina halere,  gustura agertu da, "lanak ondo" doazelako eta Gipuzkoarentzat "aro berri bat zabaltzear" delako. "Gipuzkoako zabortegi guztiak itxiko ditugu, ez ditugu beharko, eta ez dugu zaborrik kanpora bidaliko. Albiste ona da hori", gehitu du.

Kutsadura "nabarmen murriztuko" dela berretsi du foru diputatuak. Horren hitzetan, behin erraustegia martxan jartzen denean, "isurketak nabarmen jaitsiko dira, energia berriztagarria sortuko da eta dena birbalorizatuko da".

Ildo beretik mintzatu da Arriola sailburua ere, eta Gipuzkoaren "arazo historikoetako" bati amaiera emango zaiola ziurtatu du.

Gaur zortzi, EAEko hiru aldundietako eta Jaurlaritzako ingurumen arduradunak Donostian bilduko direla jakinarazi du sailburuak, 2020rako Hondakinak Prebenitzeko Plana aztertzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena