Gizartea -
Urtaro berriaren hasiera
Hasi da 93 egun iraungo duen uda
Ekainaren 21etik irailaren 23ra bitartean gurekin izango da uda. Datozen hilabeteetan, hiru ilargi bete izango dira eta abuztuaren 12an Pertseiden izar-jasa batekin gozatzeko aukera izango dugu.
Erredakzioa
Astearte honetan, ekainaren 21ean, 19:16ean, hasi da uda. Azken mendeetan urteko sasoirik luzeena da uda. 93 eguneko eta 15 orduko iraupena izango du. Ondorioz, Behatoki Astronomiko Nazionalaren datuek diotenez, udazkena irailaren 23an hasiko da.
Hitzarmen astronomikoaren arabera, bere orbitaren barnean Lurrak Eguzkiarekiko hartzen dituen jarrera desberdinek zehazten dituzte urtaroen hasierak. Udaren kasuan, urtaro hau hasten da Eguzkiak iparraldeko punturik altuena hartzen duenean.
Horrela, astearte hau urteko egunik luzeena izango da. Zenbait hiritan, esaterako, 15 ordu eta 3 minutuko iraupena izango du. Urteko egunik laburrena, berriz, abenduaren 22an izango da eta 9 ordu eta 17 minutu iraungo du.
Udan zehar, eklipse partzial bat ikusteko aukera izango dugu. Uztailaren 1ean izango da baina Indiako Ozeanotik bakarrik izango da ikusgai. Ilargi beteei dagokionez, hiru izango dira: uztailaren 15ean, abuztuaren 13an eta irailaren 12an. Gainera, astronomia zaleek bi hitzordu garrantzitsu izango dituzte: bata, uztailaren 30ean (delta Akuariden izar-jasa ikusteko) eta bestea, abuztuaren 12an (Pertseiden izar-jasa).