Gizartea -
Ikerkuntza
Euskadiko ekoizpen zientifikoak 6.200 argitalpeneko muga gainditu du
Euskadiko ikertzaileen lana % 3,5 hazi da, azken hamarkadako ekoizpen zientifikoa bikoiztuz.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadiko ekoizpen zientifikoa % 3,5 handitu da azken urtean, 6.241 argitalpen zientifikoetara iritsi baita. Hortaz, Euskadiko ekoizpen zientifikoa bikoiztu egin da azken hamarkadan. 2018an, Espainiako ekoizpen zientifikoaren % 6,5 Euskadin egin da.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak aurkeztu ditu, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako Sailburuordea eta Fernando Cossio Ikerbasqueko Zuzendari Zientifikoarekin batera, 2019ko Zientzia Euskadin Txostenaren emaitzak. Txostenak ikerketa arloko langileei, zientziaren finantzaketari, emaitza zientifikoei eta transferentzia teknologikoari dagozkien emaitza nagusiak bildu ditu, Ikerboost Euskal Zientzia eta Teknologiaren Behatokiak emandako datuekin.
Txostenaren emaitzek islatu dutenez, ikerketen % 60 lehen mailako aldizkarietan aireratzen dituzte. Era berean, azken hamarkadan Euskadiko ekoizpen zientifikoaren nazioartekotzea ia % 20 hazi dela adierazten dute. Nazioarteko lankidetzaz egindako euskal argitalpenak % 35etik % 54raino igo dira 2018an.
2017ko Espainiako Estatistika Institutuaren datuen arabera, Euskadi I+G jardueretan BPGaren ehuneko gehien inbertitzen duen autonomia erkidegoa da, % 2tik gertu inbertitzen baitu. Eustatek argitaratutako 2018ko Euskadiko I+G inbertsio datuen arabera, aurreko urtekoarekin alderatuz % 4 hazi da, 1.423 milioi eurora iritsi arte. Horrek esan nahi du I+Garen inbertsioa % 10 inguru hazi dela Euskadin azken bi urteetan.
Euskadiko zientzia-ekoizpen osoaren % 65 euskal unibertsitateei dagokie (indexatutako 3.500 argitalpen baino gehiago UPV/EHUrenak dira), eta osasun sektorean eta zentro teknologikoetan ere egin dira.
Azken hamarkadan, Euskadin gehien ikertzen diren arlo tematikoak errepikatu dira: Medikuntza, Ingeniaritza, Fisika, Materialen Zientzia, Kimika, Biokimika eta Genetika. Hala ere, azken hamar urteetan, ikerketak nabarmen hazi dira Gizarte Zientzietan eta Giza Zientzietan.
2018an, 19.274 pertsona zeuden Euskadin ikerketa lanak egiten. Datu horiek adierazten dute Euskadiko biztanleria aktiboaren % 1,88 I+G jardueretan lan egiten duela, hau da, Euskadiko 100 langiletik ia 2k ikerketan egiten dute lan.