Gizartea -
Lan-gatazka
Bilboko Metroko langileek lanuzte gehiago egingo dituzte uztailean
Zuzendaritzak egindako azken proposamena aho batez bota dute atzera eta Bilboko Aste Nagusian protesta gehiago egitea ez dago baztertuta. Gaur goizean hiru orduko beste lanuzte bat burutu dute.
Erredakzioa
Bilboko Metroko langileek lanuztea egin dute 05:45 eta 08:45 artean, atzo enpresako zuzendaritzarekin akordio batera heltzea ezinezkoa izan zelako.
Enpresa batzordearen iturriek jakinarazi dutenez, langile gehienek egin dute bat lanuzteekin, aurrekoetan bezala.
Konpainiaren iturriek, baina, esan dute 77 pertsonak baino ez dutela egin greba, hots, aurreko lanuztean baino bi gutxiago, eta Metro zerbitzuen % 57 eskaini dituztela.
Atzo arratsaldean egindako asanbladan, Bilboko Metroko langileek aho batez errefusatu zuten enpresako zuzendaritzak egindako proposamena eta, ondorioz, gaur goizerako eta ostegunerako deitutako lanuzteei eustea erabaki zuten. Uztailerako ere protesta gehiago iragarri dituzte eta jada inork ez du baztertzen Bilboko Aste Nagusian lanuzteak egotea.
ELAk jakitera eman duenez, 124 langilek zuzendaritzaren proposamenaren aurka bozkatu zuten, hiru abstentzio izan ziren eta boto baliogabe bat.
Bilboko Metroaren azken eskaintza ondokoa izan zen: bederatzi pertsona gehiago kontratatzea, tartean gidariak eta geltokietako ikuskariak. Alabaina, arestian esan bezala, langileek ez zuten horrelakorik onartu.
ELAk azaldu duenez, aste honetako eta uztaileko lanuzteekin jarraitzeko erabakia hartu zuten langileek, datorren hilabetekoak oraindik zehaztuta ez badaude ere.
Sindikatuak gogor kritikatu du zuzendaritzaren jarrera, izan ere, langile gehiago kontratatzea 2009an hitzartu zuten "eta orain egindako azken proposamenarekin badirudi zerbait ematen ari direla, baina kendu baino ez dute egiten".