Gizartea -
San Tomas
Bilboko San Tomas Azokak edalontzi berrerabilgarriak banatuko ditu
Azoka bizkaitarrak ingurumenaren alde egingo du, 248 salmahaietan edalontzi berrerabilgarriak eta poltsa biodegradagarriak erabiliz.
EiTB | Erredakzioa
248 salmahai jarriko dira abenduaren 21ean, larunbatean, Bilboko Plaza Berrian, Areatzan eta Arriaga plazan. Aurreko edizioetan baino begirunetsuagoak izango dira ingurumenarekin, edalontzi berrerabilgarriak eta poltsa biodegradagarriak erabiliko dituzte-eta.
Ohiko San Tomas Azokak, urteko hitzordurik ezagunenetakoa Bilbon, 72. edizioa beteko du. Azokan salmahai bat jartzeko izena emateko epea abenduaren 3ra arte egongo da zabalik.
Gorka Martinezek, BBK-ko zuzendari nagusiak, eta Nora Sarasolak, Gizarte Ekintzako zuzendariak, gaur, azaroak 27, BBK aretoan jakinarazi dute merkatuko salmahaiak hiru lekutan jarriko direla: Areatzan (140 postu), Arriagan (48) eta Plaza Barrian (60).
Areatzako erdigunean, “Puntu Moratu” bat jarriko da, eta bertan nerabeentzako hainbat jarduera egingo dira genero indarkeriaren inguruan, 12:00etatik 16:00etara.
Emakume Baserritarrentzako saria
Aurtengo berritasuna Emakume Baserritarrentzako sari berezia da. Azokan izango diren ekoizleak 13 kategoria hauetan lehiatuko dira: fruta, loreak (landareak), gazta, ogia, txakolina (beltza, zuria eta gorria), talorik onena, ortuariak, eztia, euskal pastela, emakumezko ekoizlea, ekoizle gaztea eta abereak. Talorik onena egiten duen salmahaia sarituko dute antolatzaileek, eta BilbaoDendak elkarteak banatuko du. Sari horiekin ekoizleek beren ahaleginaren aitortza publikoa lortzea espero dute. 13:00etan Euskal Museoan izango den ekitaldian emango ditu BBK-k sariak.
Familientzako jarduera euskal museoan
Euskal Museoan “San Tomas Txiki”, piperminak ozpinetan botilaratzen ikasteko lantegi berezia, egingo da, 4-12 urte arteko neska-mutikoentzat zuzenduta. Kontserba-tradizioa transmititzearekin batera, San Tomas Azokaren historian murgilduko dira goiz osoan zehar (9:30– 13:30).
Erakundeentzako omenaldia
BBK-k aurten adinekoen artean bakardade-egoerak saihestearen alde egiten duten Bizkaiko erakundeak sarituko ditu eta azokari hasiera ematen dion ekitaldian egongo dira.