Gizartea -
Indarkeria matxista
Bi urteko kartzela-zigorra, Iruñerrian adingabe bati ukitzeak egiteagatik
2018ko abuztuaren 29an gertatu zen, biktimak 14 urte zituela. Epaiak, halaber, sexu-abusua pairatu zuen neskari 1.000 euro ordaintzera behartzen du erasotzailea.
EiTB.EUS
Nafarroako Auzitegiak bi urteko kartzela-zigorra ezarri dio Iruñeko gizon bati, sexu-abusuko delitu bat egotzita; izan ere, akusatuak, 46 urtekoa bera, ukitzeak egin zizkion 14 urteko adingabe bati. Zigortuak, gainera, 1.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio sexu-abusu hori pairatu zuen neskari.
Epaiketa urriaren 1ean egin zuten. Bertan, Ministerio Fiskalak eta akusazio partikularrak hiru urte eskatu zituzten auzipetuarentzat. Defentsak, bere aldetik, absoluzioa eskatu zuen.
Epaiak (helegitea aurkeztu ahal da, horren aurka) frogatutzat jotzen duenez, 2019ko abuztuaren 29an, 22:00ak aldera, auzipetua garai hartan 14 urte zituen adingabeari hurbildu zitzaion, azken hori banku batean etzanda zegoela, Iruñerriko udalerri bateko plaza batean; izan ere, biktima “ondoezik” zegoen.
16 urtetik beherakoa zela jakinda, auzipetua gerturatu zitzaion, "eskua arroparen gainetik jarri zion, bularraren parean", eta, jarraian, "ahoan musua ematen saiatu zen"; ezin izan zuen, adingabeak aurpegia kendu baitzuen. Jarraian, hauxe esan zion: "Zein polita zaren, zein ederra".
Biharamunean, ebazpenak zehazten duenez, akusatuak biktimaren lagun batekin hitz egin zuen, eta azken horren helbidea eta telefonoa eskatu zizkion; eskatu zion, halaber, esan ziezaion biak bere etxera joan zitezkeela, bertan euren interesekoa izan zitekeen arropa baitzuen.
Irailaren 1ean, auzipetua biktimarengana joan zen, eta esan zion gau hartan haren bila joango zela, berarekin egoteko. Egoera horren aurrean, adingabea beldurtu zen, eta Udaltzainari deitu zion.
Froga baliozko eta nahikoa
Auzitegiak ziurtatzen duenez, biktimaren adierazpenak "froga baliozkotzat eta nahikotzat jotzeko moduko baldintzak batzen ditu", eta errugabetasun-presuntzioa baztertzeko modukoa da.
Agertu zenean, auzipetuak ez zuen ezeztatu biktimari heldu izatea, azken hori bankuan etzanda zegoela. Baina esan zuen ez ziola bularra ukitu; are gutxiago, sexu-asmoarekin egin izatea hori.
Nolanahi ere, epaileen iritziz, salaketa-egilearen adierazpenak eta auzipetuaren ondorengo egunetako portaerak abala ematen diete biktimaren bertsioari eta egindakoaren sexu-asmoari.