Gizartea -

Espazioa

Ilargira bueltatzea, Europako Espazio Agentziaren helburua

Europako Espazio Agentziak 14.400 milioi euro inbertituko ditu, besteak beste, espazioan geltoki bat eraikitzeko, Ilargirako edo planeten arteko balizko bidaietan erabiliko litzatekeena.

Gizakia 1969an iritsi zen Ilargira. Argazkia: NASA
Gizakia 1969an iritsi zen Ilargira.
Gizakia 1969an iritsi zen Ilargira. Argazkia: NASA

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Espazio Agentziak 14.400 milioi euro inbertituko ditu datozen bost urteotan hainbat programa aurrera eramateko, tartean ondoko hauek: NASArekin elkarlanean Ilargira bueltatzea, Marten laginak hartzea eta espaziora koheteak jaurtitzeko ahalmena izatea.

Europako Espazio Agentziaren Kontseilu Nagusiak bi egunez bilduta egon da Sevillan, eta bertan hartu dute erabaki hori. Biltzarrean agentzia osatzen duten 22 estatuetako ordezkariek eta Europar Batasuneko begiraleek hartu dute parte.

Lurra behatzeko programak 2.541 milioi euroko aurrekontua izango du. Egitasmo horren helburuetako bat Artikoa monitorizatzea izango da.

Josef Aschbacher Europako Espazio Agentziako Lurraren Behaketarako programaren zuzendariak esan du aldaketa klimatikoari aurre egitea lehentasuna dela eta horren erakusgarri dela proiektu hori.

Horrez gain, esplorazioak egiteko 1.953 milioi euro erabiliko dituzte, eta zenbateko horren laurdena Ilargirako misioetan inbertituko dute. Gizakia Ilargira berriro joatea da asmoa.

NASArekin elkarlanean, Ilargiaren orbitan geltoki bat eraikiko dute, Ilargirako nahiz planeten arteko balizko bidaietan astronautek geraleku gisa erabili dezaten.  

Beste misio bat "Lunar Resource Lander" izango da. Tripulaziorik gabeko ontzi bat bidali nahi dute Ilargira.  

Marte ere izan dute hizpide Europako Espazio Agentziaren biltzarrean. Planeta gorriaren azaletik laginak hartzea eta bueltan ekartzea da helburua.

Nolanahi ere, erronka hori lortzea ez da erraza izango: aurrez, joan-etorria egiteko garraiobidea garatu beharko dute eta, halaber, Marten hartutako laginak aztertzeko eta babesteko laborategi bat eraiki.  

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Super ilargia abuztuaren Marte Ilargi eklipseak Lur planeta gaur Planetak