Gizartea -
Indarkeria matxista Katalunian
Gizon bat atxilotu dute El Praten bikotekidea hiltzea egotzita
Emakumearen gorpua indarkeria zantzuekin aurkitu dute gaur goizean El Prateko etxebizitza batean. Gizonak bere burua entregatu du polizia-etxe batean.
Agentziak | Erredakzioa
44 urteko gizon bat atxilotu dute, bikotekidea, 36 urteko emakume bat, hiltzea egotzita. Gizonak bere burua entregatu du Esquadra Mossoen El Prat de Llobregateko (Bartzelona) polizia-etxe batean. 2019an Katalunian izandako indarkeria matxistaren bederatzigarren hilketa da.
Ser irrati kateak aurreratu duenez, eta ikerketako iturriek EFE albiste-agentziari baieztatu diotenez, emakumearen gorpua indarkeria zantzuekin aurkitu dute gaur goizean, arma zuriz egindako zauriekin, El Prateko etxebizitza batean.
Gorpua aurkitu eta Mossoek ikerketa ireki eta gutxira, biktimarekin harreman sentimentala zuen gizon batek bere burua entregatu du Kataluniako polizia-etxe batean, eta bertan atxilotu dute, krimen matxista horren egile gisa.
Ohar baten bidez, Mossoek zehaztu dute 10:00 aldera El Prateko Udaltzaingoak jakinarazi diela emakumearen gorpua aurkitu dutela Bartzelonako metropoli-eremuko hiri horretako bere etxebizitzan.
Gorpua aurkitu dutenetik ordu batzuk igaro direnean, biktimaren bikotekidea polizia-etxe batean sartu da, eta atxilotu egin dute. Mossoak susmagarri gisa bilatzen ari ziren.
Esquadra Mossoen Ikerketa Kriminalerako Dibisioak ikerketa abiatu du krimen matxistaren nondik norakoak argitzeko.
Hilketa horren izaera matxista ofizialki baieztatuz gero, 2019an bikotekideek edo bikotekide ohiek 53 emakume hil dituzte, eta 2003an estatistika egiten hasi zirenetik 1.029.