Gizartea -
Hezkuntza
Nafarroak Estatuko emaitzarik onenak lortu ditu matematiketan PISA txostenean
2015eko datuekin alderatuta, nafar ikasleek puntu gutxiago lortu dituzte; EAEn, aldiz, hobekuntza izan da. Irakurmenaren azterketan irregulartasunak antzeman zituzten.
Agentziak | Erredakzioa
503 puntu lortuta, Nafarroak Estatuko emaitzarik onenak izan ditu matematiketan Ikasleen Ebaluazio Integralerako Programaren txostenean; ingeleseko siglak kontuan izanik, PISA izeneko txostena da, Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (ELGE) hiru urtero egiten du, eta 2018ko emaitzak astearte honetan argitaratu dituzte. EAE zerrenda horretako hirugarren postuan dago, 499 puntu erdietsita; hau da, Estatuko batezbestekoa 18 puntutan gainditzen du. Zientzietan, Foru Erkidegoa eta Euskadi seigarren eta zortzigarren tokietan daude, hurrenez hurren, 492 eta 487 punturekin; biek hobetzen dute Estatuko emaitza (483), baina EAE ELGEren batezbestekoa baino beherago kokatzen da (489 da).
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak txostenak Euskadin izandako emaitzak aurkeztu ditu. Ebaluazio probak 2018ko udaberrian egin ziren Euskadin, eta 127 ikastetxetako 15 urteko 3.710 ikaslek hartu zuten parte horietan.
Zientzietan, Euskadik 4 puntuko igoera izan du 2015eko txostenarekin alderatuta. Jaurlaritzak nabarmendu duenez, EAEk goranzko joera berreskuratu du, eta gaitasun honetan gora egin duen autonomia-erkidego bakarra da. Matematiketan, aldiz, 7 puntu gehiago erdietsi dituzte euskal ikasleek 2015ean baino. Izandako 499 puntuekin, Euskadi emaitzarik onenak eta ekitaterik handiena dituzten herrialdeen parean kokatzen da; azken horrek esan nahi du emaitzarik onenak eta txarrenak dituzten ikasleen arteko aldea beste herrialde batzuetan baino txikiagoa da.
Sailburuaren iritziz, lortutako emaitzek "leku onean" utzi dute Euskadi, hezkuntzaren "kalitatea" berrindartzen jarraitu ahal izateko.
Nafarroan, matematiketako emaitzetan lehen postuan egon arren, eta zientzietan ere batez besteko emaitza gainditzen badu ere, bi gaietan egin dute behera ikasleek, 2015eko datuekin alderatuta; hain zuzen ere, matematiketan 15 puntu galdu ditu Foru Erkidegoak (518tik, 503ra), eta zientzietan, 20 (512tik, 492ra).
Espainian, 2015ean baino okerrago
Oro har, Espainiar Estatuko ikasleek emaitza txarragoak izan dituzte PISA txostenean. Hain zuzen ere, matematiketan, Estatuko ikasleek 481 puntu lortu dituzte, hau da, 2015ean baino bost puntu gutxiago, eta zientzietan, aldiz, 483 puntu erdietsi dituzte, 2015ean baino hamar puntu gutxiago. Zientzietako gaitasuna 2006an hasi zen neurtzen, eta oraingo emaitza inoizko txarrena da; matematiketan, oraingo emaitza 2006koaren parekoa da, eta ordutik honako gainerakoak hobeak izan dira.
ELGEk astearte honetan aurkeztutako txostenak 79 herrialdetako 600.000 ikaslek bigarren hezkuntza amaituta izandako emaitzak jasotzen ditu; guztira, 600.000 horiek mundu-mailako 32 milioi nerabe ordezkatzen dituzte. Espainiar Estatua nazioarteko batezbestekotik pixka bat behera dago kokatuta, aipatutako bi gaietan; ELGEren herrialdeen batez besteko nota matematiketan eta zientzietan 489 puntukoa da (Estatuak 481 eta 483 ditu, hurrenez hurren).
Irakurmenean (2018ko PISA txostenak aztertzen dituen gaitasunen hirugarrena da), Estatu espainiarraren emaitzak ez dituzte argitaratu; izan ere, "irregulartasunak" antzeman dituzte iaz lurralde osoko institutuetan egindako probetako "ehuneko esanguratsu batean".
Hungariak eta Lituaniak, pareko emaitzak
Estatuko ikasleek matematiketan eta zientzietan izandako emaitzak Hungariako eta Lituaniako gazteek erdietsitakoen parekoak dira. Inguruko herrialdeen emaitzekin alderatuta, Portugalek eta Frantziak emaitza hobeak lortu dituzte bi gaitasun horietan, eta Italiak, aldiz, okerragoak izan ditu zientzietan.
Estatuan, matematiketan, mutilek neskek baino sei puntu gehiago lortu dituzte PISA txostenean; ELGEren batezbestekoa bost puntukoa da, mutilen eta nesken arteko alde horri dagokionez. Nolanahi ere, ez dago genero-arrakalarik, Estatuan, zientzietan, denek lortu baitute emaitza berdina. Nazioartean, aldiz, neskek bi puntu gehiago lortu dituzte, mutilek baino, zientzia-gaitasunean.
Halaber, 2018ko PISA txostenak agerian utzi du Estatuko ikasleen % 17k diotela eskola-jazarpena pairatzen dutela gutxienez hilean behin; ELGEren batez besteko ehunekoa 23koa da.