Gizartea -
Txantrea
Gizon bat atxilotu dute Iruñean, 90 urteko emakumeari lapurreta egitea egotzita
Lapurreta joan den astean jazo zen, Lakuntza kalean, emakumea etxera bidean zihoala. Atxilotua Txantrea auzoan bizi da, eta indarrez lapurtzea eta homizidioa egotzi dizkiote.
eitb.eus
Iruñeko Udaltzaingoak 52 urteko gizon bat atxilotu du, asteartean Txantrea auzoko 90 urteko emakume batek jasandako lapurretaren harira. Biktima etxera zihoala, gizon batek poltsatik tira egin zion, lurrera erori zen eta buruan hartutako kolpearen ondorioz hil zen.
Atxilotua Txantrea auzoan bizi da, eta indarkeriaz egindako lapurreta eta homizidioa egotzi dizkiote, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez. Datozen orduetan eramango dute epailearen aurrera.
Lapurreta Lakuntza kalean jazo zen. 90 urteko emakumea etxera bidean zihoala, gizonezko batek poltsatik tira egin zion. Ondorioz, emakumea lurrera erori zen eta kolpea hartu zuen buruan. Horren aurrean, Nafarroako Ospitalera eraman zuten. Bi egun geroago hil da.
Txantrean, saminez hartu dute gertaturikoa, eta azkenaldian auzoan "segurtasunik eza" dagoela salatu dute bizilagunek. Adineko pertsona ugari bizi dira bertan; horietako asko, bakarrik. Txantreako bizilagunen ustez, Nafarroako Gobernuak esku hartu beharko luke adineko pertsona horien zaintzan.