Gizartea -

Elkarrizketa, Radio Euskadin

Uriarte: 'Hezkuntzan inbertitzearen helburua ez da soilik nota onak lortzea'

Hezkuntza sailburuak aitortu du "kezkatuta" dagoela, euskara gutxiago erabiltzen ari delako jolastokietan, eskolaz kanpoko jardueretan eta eskola-orduetan.

Cristina Uriarte sailburua, Radio Euskadin. Argazkia: EiTB.
Cristina Uriarte sailburua, Radio Euskadin. Argazkia: EiTB.
Cristina Uriarte sailburua, Radio Euskadin. Argazkia: EiTB.

Radio Euskadi | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken PISA txostenaren emaitzak jakinarazi dituzten egunaren biharamunean, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek esan du EAEko hezkuntzan inbertitzearen "helburua" ez dela "soilik nota onak lortzea". Radio Euskadiko 'Boulevard Informativo' saioan izandako elkarrizketa batean, Uriartek "kezka" agertu du, Euskadiko ikasleak euskara gutxiago erabiltzen ari baitira jolastokietan, eskolaz kanpoko jardueretan eta eskola-orduetan; "hainbat bidean geratu behar badira, ez dugu bikaintasuna nahi", adierazi du, dena den.

PISA txostenaren emaitzak aztertuta, datu horiek "erlatibizatzeko" eskatu du Uriartek: "Kontuan hartu beharrekoak dira, beste lurralde eta herrialde batzuekin alderatzen gaituztelako; baina gure sistemak beste hainbat adierazle eta barneko eta kanpoko ebaluazio ditu". Nolanahi ere, pozik agertu da, aurreko txostenaren aldean EAEk hobera egin baitu. "Zientzietan hobera egin duen autonomia-erkidego bakarra gara, eta ELGEren batezbestekoaren parean gaude, baina hobera egiten jarraitu behar dugu", esan du. Uriartek, halaber, gogora ekarri du Euskadi Espainiako batez besteko notatik gora kokatu dela.

"Hezkuntzan inbertitzearen helburua ez da bakarrik PISAn nota onak lortzea", zehaztu du, "sistema bidezkoa eta inklusiboa izatea" ere garrantzitsua dela uste baitu. Esan duenez, Euskadik Estatuko eskola-uztearen tasarik txikiena du (% 7koa), eta goi-mailako ikasketak dituzten herritarren ehunekoa ia % 50ekoa da; ikasten edo lan egiten ez duten gazteen ehunekoa, aldiz, % 9koa da. "Hainbat bidean geratu behar badira, ez dugu bikaintasuna nahi", nabarmendu du Uriartek.

Sailburuak zehaztu duenez, hainbat hobekuntza-plan abiatuko dituzte gaitasunak bultzatzeko: Irakurmenaren Plana eta STEAM estrategia, adibidez. "Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundeari eskatzen diogu lagina handitzeko", esan du sailburuak, azterketaren emaitzek errealitatea hobeto islatze aldera.

3.000 milioi, Hezkuntzarako

2020ko Aurrekontuei begira Jaurlaritzak Elkarrekin Podemosekin adostutako aurreakordioa azpimarratu du Uriartek. Aurrekontu horiek 3.000 milioi euro aurreikusten dituzte Hezkuntza Sailerako: "Ehun milioi beketan eta laguntzetan erabiliko ditugu, Hezkuntza Berezian ere handituko da inbertsioa, eta bikaintasuneko ikerketan % 13 handiagoa izango da inbertsioa".

Hezkuntzan deitu duten Lan Eskaintza Publikoari dagokionez (1.148 lanpostu eskainiko ditu), sailburuak azpimarratu du egungo behin-behinekotasuna murriztu nahi dutela (% 20koa da): "Egonkortasun profesionala emango digu, eta horrek hobekuntza ekarriko dio sistema publikoari". Segurtasun juridikoa duten lanpostuen kopuru jakin bat eskaintzea baimentzen du Estatuak, "eta une honetan kopuru maximoa ari gara eskaintzen".

D ereduan, igoera izan da matrikulazioei dagokienez, baina, hala ere, euskara gutxiago erabiltzen dute ikasleek; horren harira, Uriartek berretsi du ikasleek Lehen Hezkuntzan "emaitza onekin erdiesten dituztela gaitasunak", baina Bigarren Hezkuntzan "saltoa" dagoela, "eta aztertzen ari gara zergatik gertatzen den hori". Sailburuak onartu egin du "gero eta gutxiago hitz egiten dela euskara jolastokian, eskolaz kanpoko jardueretan eta eskola-orduetan".

Uriarteren esanetan, gaur egun ikasle gehienek D eredua aukeratzen dute: "Hizkuntza-gaitasunak lortzen dituzte, eta hori gainerakoan ere islatzen da".

Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Irrati programazioa Hezkuntza