Itxi

Politika

2020ko aurrekontuak

Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemosek aurreakordioa egin dute aurrekontuak onartzeko

eitb.eus

Gaurko bilera, bi aldeek egin duten hirugarrena, datorren urteko aurrekontuak onartzeko aurreakordioarekin amaitu da.

  • Azpiazu eta Martinez, artxiboko argazki batean. Argazkia: Efe

    Azpiazu eta Martinez, artxiboko argazki batean. Argazkia: Efe

Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemosek 2020ko aurrekontuak negoziatzeko hirugarren bilera egin dute gaur, eta kontuak onartzeko aurreakordioa lortu dute, Lander Martinez alderdi morearen bozeramaileak eta Jaurlaritzak baieztatu dutenez.

Martinez izan da negoziazioetan alderdiaren ordezkari nagusia, eta gaur ere Gasteizen izan da Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuarekin datorren urteko aurrekontuei buruzko batzarra egiteko.

Elkarrekin Podemosek bihar, asteazkena, emango ditu osoko zuzenketarik ez aurkezteko egin duten akordioaren xehetasunak; eta Jaurlaritzak ere ez du gaur azalpenik emango.

Adostutako puntuak zehaztu ez badituzte ere, Martienezek esan du orden bat jarraitu dutela negoziazioan: berdintasunarekin eta klima aldaketarekin hasi ziren, eta gero hezkuntza publikoa eta enplegua jorratu zituzten. Azken horretan egon omen dira desadostasun handienak, baina "bideratu" ahal izan dituzte.

Hori horrela, oraindik ez dute negoziatu babes sozialaren eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren inguruan, baina "geratzen zaizkigun gaien inguruan lan egiten jarraitzeko oinarri sendoa" eta "aurreikuspen ona" dago, Martinezen arabera.

Eusko Jaurlaritzak ere balorazio positiboa egin du, akordioa baieztatu du, eta "negoziazioan urrats nabarmenak" egin dituztela berretsi du.

Hirugarren bilera

Bi ordezkaritzen arteko hirugarren bilera izan da gaurkoa. Lehenengoan Elkarrekin Podemosek aurrekontuko 350 milioi euro aldatzea proposatu zuen. Bigarrenean, feminismoaren eta klima aldaketaren inguruan gerturatu zituzten jarrerak.

Hirugarren honetan, hezkuntza publikoaz eta enpleguaz hitz egin ostean, aurreakordiora iritsi dira, eta burura eramanez gero, Urkullu lehendakariaren Jaurlaritzak aurrekontuak onartu ahal izango ditu, aurreko urtean, babes ezagatik, kontuak atzera bota eta aurrekontuak luzatu ostean.

Gainera, Jaurlaritzak aurrekontuak onartzeko kidea aldatu du, lehenengo bi urteetan PPrekin egin baitzuen ituna, horien abstentzioarekin aurrekontuak onartzeko.

Gaurko aurreakordioa, hala ere, ez dago Elkarrekin Podemos osatzen duten alderdi guztiek babestuta, izan ere, Ezker Anitzak uko egin zion negoziazioari.

Baina hori ez da oztopoa izango aurrekontu proiektua onartzeko, EAJ-PSEren Jaurlaritzak nahikoa baitu oposizioko bi legebiltzarkideren aldeko botoa edo abstentzioa kontuek aurrera egin dezaten.

Alde edo abstentzioa

Horren harira, Lander Martinezek esan du oraindik ez dakitela aldeko botoa emango duten edo abstentzioa, alderdiaren erabaki "esklusiboa" delako.

Dena dela, abenduaren 27ko osoko-bilkuran aurrekontuak bozkatu baino lehenago, beste oztopo bat gainditu beharko dute: osoko zuzenketen osoko-bilkura, hilaren 16an.

PPk dagoeneko iragarri du kontuak atzera botatzea eskatuko duela, eta EH Bildu aukera hori aztertzen ari da.

Litekeena da osoko zuzenketek gehiengoaren onarpenik ez izatea, gaurko aurreakordioa burura eramanez gero alderdi moreak kontra bozkatuko lukeelako.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena