Gizartea -

Ekintza humanitarioa

Unicefek 3.800 milioi lortu nahi ditu 2020an 59 milioi umeri laguntzeko

Indarkeria, gaixotasunak, desnutrizioa, migrazioa eta klima aldaketa direla eta, gero eta gogorragoak diren krisi humanitarioei aurre egitea da Bilbon aurkeztutako kanpainaren helburua.

Hainbat haur Afganistanen. Argazkia: Pixabay.com
Hainbat haur Afganistanen
Hainbat haur Afganistanen. Argazkia: Pixabay.com

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Unicef Nazio Batuen Haurrentzako Agentziak 3.800 milioi euro lortzeko deia egin du, munduko 64 herrialdetako 59 milioi umeri larrialdiko laguntza emateko 2020an, krisi humanitarioak gero eta "gogorragoak" baitira eta indarkeriak, gaixotasunek, desnutrizioak, migrazioak eta klima-aldaketak haurrengan eragin gehiago dutelako.

Unicefen Espainiako Batzordeak "Haurren aldeko Ekintza Humanitarioa 2020" txostena aurkeztu du asteazken honetan Bilbon, agentzia horrek 2019an egindako lanaren emaitzak eta hurrengo ekitaldirako aurreikuspenak jasotzen dituena.

Unicefeko ordezkariek agerian utzi dute gaur egun beste inoiz baino gatazka armatu gehiago daudela, duela 30 urte Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa onartu zenetik; gerrak luzatu egiten dira, eta haurrak urte asko bizi dira errefuxiatu-esparruetan; inoiz baino haur gehiago daude migrazioen ondorioz desplazatuta; dengea eta malaria bezalako gaixotasunen gorakada antzematen da; eta 660 milioi haur daude jada klima aldaketaren eraginpean.

Miretxel Relaño Unicef Internazionaleko Larrialdietako zuzendari laguntzaileak nabarmendu duenez, lau haurretatik bat larrialdi naturalak edo gatazka armatuak dauden herrialdeetan bizi da gaur egun.

Aurten Unicefek eskatu zituen 3.751 milioi euroen % 57 lortu ostean, Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Agentziak dei egin die erakundeei, enpresei, bazkideei eta, oro har, gizarteari 3.800 milioi euroko (4.200 milioi dolar) funtsak lor ditzaten 64 herrialdetan laguntza humanitarioarekin jarraitzeko, 2020an.

Unicefek orain arte eskatutako kopururik altuena da. "Salbuespenezko garaiak dira, eta ezohiko baliabideak behar dira", nabarmendu du Unicefek EAEn duen presidente Isidro Elezgaraik.

Espainia Unicefen bosgarren herrialde emailea dela (aurten ekarritako 100 milioi dolarrekin) adierazi ostean -lehena Japonia da-, erakundeko arduradunek adierazi dute "ohikoa" dela eskatutako kopuru osora ez iristea, nahiz eta "ahalik eta diru kopuru handiena mobilizatzea" espero duten.

2020an, Unicefek desnutrizio larria duten 5 milioi haur tratatu nahi ditu; elgorriaren aurkako txertoa 8,5 milioi umeri eman nahi die; edateko eta janaria prestatzeko ur segurua eman nahi die 28,4 milioi pertsonari; hezkuntzarako sarbidea eman nahi die 10,2 milioi umeri, eta laguntza psikosoziala eta osasun mentaleko laguntza eman nahi die 4,5 milioi umeri, besteak beste.

2019ko lehen zortzi hilabeteetan Unicefek 29 milioi umeri lagundu zien. Horietatik, 2 milioi baino gehiago desnutrizio larriagatik artatuak izan ziren, ia 29 milioi elgorriaren aurkako txertoak hartu zituzten, 3,9 milioi hezkuntza formalean edo ez-formalean sartu ziren, eta 2,6 milioi haurrek eta haien zaintzaileek laguntza psikosoziala jaso zuten.

Funts gehien behar duten herrialdeak aipatzean, besteak beste, Siria, Yemen, Hego Sudan eta Kongoko Errepublika Demokratikoa aipatu dituzte; izan ere, herrialde horretan biltzen da orain laguntza, beste eremu batzuetara zabaldu ez daitezen pairatzen duen ebola agerraldiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak albisteak Eskubide unibertsalak Elikadura krisia Gobernuz Kanpoko Erakundeak