Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Gizon batek 3 urte eta erdiko zigorra jaso du Tolosan adingabe bat bortxatzeagatik

Fiskaltzak hasieran 9 urteko espetxealdia eskatzen zuen, baina azkenean aringarria ezarri diote egindako kaltea konpontzen saiatzeagatik.

agencias | redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2017ko otsailean Tolosako (Gipuzkoa) etxebizitza batean 16 urteko neska bat bortxatu zuen gizonak 3 urte eta erdiko kartzela-zigorra jaso du, akusatuak Fiskaltzaren eskaera onartu ostean.

Ministerio Publikoak hasieran 9 urteko espetxe-zigorra eskatzen zuen, baina azkenean aringarri gisa ezarri du kaltea konpontzen saiatu izana. Izan ere, akusatuak 6.000 euro eman dizkio biktimari, eman beharko dizkion 15.000 euroetatik.

Gipuzkoako Auzitegian egindako epaiketan aldeak adostasunera iritsi ostean, akusatuak 5 urteko zaintzapeko askatasuna izango du, eta 19 urtetik 13 urte eta erdira jaitsi diote biktimarekiko urruntze agindua, auziko iturrietatik jakinarazi dutenez.

Fiskalaren idatzian agertzen denez, bortxaketa goizaldean izan zen, garai hartan 20 urte zituen akusatua bere etxera joan zenean adingabearekin batera. Etxean zeudela, sexu-harremanak izaten hasi ziren, "neskak onartuak", baina gero "nabarmen" egin zion uko jarraitzeari, eta gizonak indarra erabili zuen.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera:  900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Tolosa Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak