Gizartea -
Eguraldia
Giro eguzkitsuarekin abiatu da abenduko zubia
Larunbatean estaliago egongo da zerua, baina ez da prezipitaziorik espero. Igandean, berriz, fronte batek euria eta hotza ekarriko dizkigu.
EITB.EUS
Urteko azken zubia atsegin antzera joango zaigu, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egindako iragarpenaren arabera. Izan ere, ateri eutsiko dio egun gehienetan eta udazken giroa izango dugu.
Ostirala giro argiarekin dator, bereziki goizean. Egunaren lehen partean zerua garbi samar egongo denez, egunsenti fresko samarra izango dugu —1 eta 2 ºC-ko minimoak espero dira Gasteizen eta Iruñean— eta barnealdeko zenbait tokitan izotz txikia egin dezake, baita behe-lainoa ere. Arratsaldean, erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak sartuko dira, eta zerua lausotuko dute, baina ateri eutsiko dio. Haizeak hego ukitua hartuko du eta eguneko tenperaturak apur bat egingo du gora. Hala, 11-13 gradukoak izango dira beroenak barnealdean, eta 15 ºC-koak, kostaldean.
Larunbatean giro motelagoa izango dugu, baina oro har, ez da euri konturik espero (baliteke, halere, han-hemenka zirimiri apur bat egitea isurialde atlantikoan). Hegoaldean, berriz, giro eguzkitsuari eutsiko dio. Gaueko tenperaturak gora egingo du —3-4 ºC-koak barnealdean, eta 6-8 ºC-koak, kostaldean—, eta egunekoan ez dugu aldaketa handirik espero behar. Hasieran hegoaldeko haizea ibiliko da, baina arratsaldean mendebaldera egingo du eta kostaldean harrotu egingo da.
Igandean okerrera egingo du aroak. Fronte batek euria eta giro freskoa ekarriko dizkigu. Goizean lainotuko du eta egunaren erdiko orduetan euria egingo du. Zaparradak mendebaldetik sartuko dira eta apurka-apurka denera zabalduko dira, baina gauean atertzeko joera hartuko du eguraldiak. Egunaren lehen zatian hego-mendebaldeko haizea ibiliko da eta arratsaldean mendebal/ipar-mendebaldera egingo du. Tenperatura hotzenak igo egingo dira, eta beroenak, berriz, nabarmen jaitsiko dira. Hori horrela, termometroak 9 ºCra igoko dira gehienez barnealdean, eta 13 ºC-ra, kostaldean.