Gizartea -
M-15 Mugimendua
'Hiri-gerrillen' indarkeria 'argi' gaitzestea exijitu du Puigek
Aspalditik, Bartzelonan "helburu politiko eta ludikoak dituzten" hainbat talde biolento "inkrustatu" egin direla esan du Barne sailburuak.
"Hiri-gerrila" ezberdinen aurka gaitzespen "ausarta eta argia" exijitu du gaur Felip Puig Kataluniako Barne sailburuak. Bere ustez, Kataluniako Parlamentuaren kanpoaldean izandako istiluetan "hiri-gerrilek" parte hartu zuten, "zigorgabetasun osoz". Parlamentuan egin duen agerraldian, aspalditik, Bartzelonan "helburu politiko eta ludikoak dituzten" hainbat talde biolento "inkrustatu" egin direla esan du. Askotan, gizartearen "gaitzespen nahikorik" jaso ez dutela gaineratu du Puigek, nahiz eta Katalunian "indarkeriak babesik ez duen".
Maiatzaren 27an Kataluniako Gobernuak agindutako operazioan (Katalunia Plaza garbitzeko operazioa), "suminduen" mugimenduaren barruan ezkutatu egin ziren "talde biolentoak" gogor kritikatu ditu Puigek. Bere hitzak sinistu ez zirela eta errua poliziari bota egin ziotela salatu du.
"Sumindu baketsuek", egoera ikusita, protesta bertan behera utzi behar zutela uste du Barne sailburuak, "biolentoei babesa ez emateko".
Zentzu honetan, Puigek iragarri du istiluen kontrako polizia gehiago jarriko dituela, eta, operazioetan, irudien grabazioa sustatu egingo duela.
Gaurko osoko bilkuran, PSCko eta ICV-EuiAko taldeek Felip Puigen dimisioa exijitu dute. ERC eta PPk operazioa gogor kritikatu dute, baina ez dute Barne arduradunaren dimisioa eskatu.
Erantzun modura, Artur Mas Generalitateko presidenteak Puig bere karguan berretsi egin du. "Aldaketarik" ez duela egingo nabarmendu du, M-15 mugimenduaren inguruan Puigek hartutako erabakiekin "bat" datorrelako.