Gizartea -

Gertakaria

Autoen katalizatzaileen 58 lapurreta izan direla ohartarazi du Ertzaintzak

Ertzaintzak Gasteizko, Barakaldoko, Sestaoko, Trapagaraneko eta Leioako aparkaleku publikoetan izan diren salaketak jaso ditu.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 58 salaketa jaso ditu azken 15 egunetan aparkaleku publikoetan ibilgailuen katalizagailuak lapurtu dituztelako. Gasteiz, Barakaldo, Sestao, Trapagaran eta Leioa udalerrietan egin dituzte lapurretak. Gipuzkoan, ordea, ez da halako lapurretarik izan. Ertzaintzak lapur bat atxilotu du Barakaldon, in fraganti harrapatu ostean.

Azaroaren erdialdetik 37 kasu izan dira Gasteizen, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arabera. Barakaldon, Sestaon, Trapagaranen eta Leioan, berriz, 21 salaketa erregistratu dira. Lapurreta horiek aparkaleku publiko irekietan eta gauez egin ohi dituzte. Katalizagailua kentzeko, mozteko tresnak eta katu hidraulikoak erabiltzen dituzte lapurrek.

Gasteizen, 15 urte edo gehiago dituzten autoei ostu diete katalizagailua, eta HDI motorra duten Citroën, Peugeot eta Fiat markako ibilgailuak aukeratu dituzte, baita Suzuki eta Mitsubishi markako bat edo beste ere.

Herritarren laguntza eskatu du Ertzaintzak

Lapurreta bat ikusi edo jarduera susmagarriren bat detektatuz gero, Ertzaintzari edo SOS Deiak larrialdiak koordinatzeko 112 telefonora deitzeko eskatu dute.

Katalizagailua ibilgailuaren behealdean dagoen elementu bat da, ihes-hodiaren eta atzealdeko isilaren artean. Elementu honek (bihurgailu katalitikoa izenaz ere ezagutzen da), besteak beste, platinoa eta paladioa ditu, eta gai baliotsuak dira. Lapurreta horien bidez merkatu beltzean material horiei etekina atera nahi dietela uste dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Sestao Barakaldo Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Leioa Trapagaran Albisteak Lapurretak