Gizartea -
gaixotasun birikoa
Bizkaian azken 30 urteotako lehen giza amorru kasua baieztatu dute
Kasua inportatutakoa dela nabarmendu du Osakidetzak. Gaixoa atzerrian kutsatu zen, katu batek egindako hozkadaren ondorioz.
EITB.EUS
Analisiek Bizkaian azken 30 urteotako izandako lehen giza amorru kasua baieztatu dute, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur jakinarazi duenez. Kasua ostiralean atzeman zuten, baina ordutik baieztatzeke egon da. Dena dela, Mikrobiologiako Zentro Nazionalak, gaixotasun horretarako erreferentziazko laborategiak, egindako analisien emaitzak positiboak izan direla jakinarazi diete.
Osakidetzak ohartarazi dunez, kasua inportatutakoa da. Hau da, gaixoa atzerrian kutsatu zen. Abuztuan Marokon egindako egonaldi batean katu baten hozkada izan zuen beso batean, eta animalia horrek kutsatu zuen. Kutsatutako pertsonak Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean jarraitzen du.
Susmoak izan bezain laster, jarduteko protokoloa aktibatu zuen Osasun Sailak, eta ezarritako prebentzio neurriak hartu zituen. Gainera, Osasun Ministerioko Osasun Alertak eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroari jakinarazi zion berehala, analisien emaitzak ezagutzeko zain.
Amorrua nerbio-sistema zentralari eragiten dion gaixotasun birikoa da, eta kutsatutako animalien hozkaden edo atzamarren bidez bakarrik transmititzen zaie pertsonei, listuaren bidez kutsatzen baita.