Gizartea -

Indarkeria matxista

Eraso sexista bat salatu dute Iruñean

Txantreako mugimendu feministak "ahalduntzeko" eta "entzunarazteko eta kendu diguten boterea hartzeko" eskatu die emakumeei.

Eraso sexistaren aurkako elkarretaratzea. Argazkia: Sortu Txantrea.
Eraso sexistaren aurkako elkarretaratzea.
Eraso sexistaren aurkako elkarretaratzea. Argazkia: Sortu Txantrea.

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txantreako mugimendu feministak Iruñeko auzoan izandako eraso sexista bat salatu du.

Elkarretaratze batean gizarte eredua kritikatu dute, gizonak "emakume bati erasotzeko boterea duelako, gizona izate hutsagatik". Txileko "Bortxatzaile bat bidean" indarkeria matxistaren kontrako mugimenduari erreferentzia egin diote, "errua ez zen nirea, ezta nengoen lekuarena edo jantziena" abestu dute.

"Eraso sexistak eta matxistak bultzatzen eta babesten dituen sistema heteropatriarkal batean bizi gara, emakumea bi aldiz zigortzen duena emakume izate hutsagatik, erasoz eta gero bera zalantzan jarriz", esan dute adierazpen batean. Azpimarratu dutenez, "hilketak eta bortxaketak icebergaren punta baino ez dira, emakumeen kontrako indarkeria gure egunerokoan jartzen delako agerian".

Txantreako mugimendu feministarentzat, "ez da nahikoa erasotzaileak erasoak egiten dituztenean salatzea"; gizonak "maskulinotasun hegemonikoa deseraikitzeko erantzukizuna du, atzerapauso bat ematekoa, indarkeriaren ardatz bezala duen boterea uztekoa eta feminismoarekin bat datozen beste maskulinotasunak eraikitzekoa".

Gainera, emakumeei "ahalduntzeko" eta "entzunarazteko eta kendu diguten boterea hartzeko" eskatu die, baita autodefentsa feminista erabiltzeko ere.

____________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera:  900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Indarkeria matxista Gizartea Eguneko albisteak Albisteak